Kattalin Saint Marie: “Etxauzia euskaldunon etxea izatea gura dugu; sare bat osatu eta harremanak bultzatu”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 20a, 11:00

Kattalin Saint Marie Bidegain (Etxauzia proiektuko koordinatzaile nagusia) Landibarre, 1992

Baigorriko Etxauzia erosteko diru bilketa kanpaina berria abiatuko du Nafartarren Etxea elkarteak. Badituzte 100.000 euro, iazko ‘Euskaldun bat, euro bat’ kanpainagaz batutakoa. Hala ere, 1,5 milioi euro behar dituzte.

Irailaren 15era arte dute epea erronka lortzeko eta ‘Zabal eta bizi’ da aukeratu duten leloa. Askotariko pertsona ezagunen babesa izan dute. Bernardo Atxagarena, Joseba Sarrionandiarena, Pedro Miguel Etxenikerena eta Uxue Alberdirena, esaterako.

Etxauzia erosteko diru bilketa hasiko duzue berriro. Erronka handia duzue?
Hala da, bai. Maiatzaren 20an, bihar abiatuko dugu; Zabal eta bizi du leloa. Aski erronka handia da, bai. Baina lehenengo kanpainagaz sostengua lortu genuela ikusi dugu, eta aukeragaz segitzea merezi zuela erakusi zigun jendeak. Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat eskualdetan aurkezpenak egin ditugu proiektua azaltzeko. Etxauziaren berri izan dute, eta, orain, diru bilketa fasea hasita, berriro ekingo diogu. Oso pozik gaude, jende askok proiektua bere egitea eta laguntza ematea lortu dugulako bi urte hauetan. Proiektua aurrera doa eta oraindik gauza asko ditugu egiteko. Lortzeko bidean gaude.

Durangon izan zarete asteon.
Bai, Durangaldean ere proiektuaren berri eman gura izan dugu, jendeari Etxauziaren bizilagun izatea proposatzeko, bai laguntza ekonomikoaren bidez, bai eskualdean gure proiektua zabaltzen lagunduz.

‘Zabal eta bizi’ lelo horretan proiektuaren helburua batu duzue. Zein da helburu hori?
Zabal eta bizi leloak esagura bikoitza du: Etxauzia herriari, herritarrei zabaltzea gura dugu, baina, aldi berean, biziarazi ere bai, bertan proiektu bat sortuz. Bi hitz horiek ongi laburbiltzen dute elkarteak Etxauzia gaztelurako duen proiektua. ‘Bizi’ hitzagaz lotuta, helburua da Baigorri aldean, Baxenabarren eta, oro har, Ipar Euskal Herriko barnealdean dinamika bat bultzatzea. Elkarte eta egitura asko dabiltza dinamika bat bultzatu guran, eta horretan gabiltza gu ere. Arlo eta manera desberdinetan, bultzada eman gura diegu Ipar Euskal Herriko barnealdeari eta Baigorri aldeari.

Ekonomia, kultura eta ondarea dira zutabe nagusiak?
Bai. Etxauzia baliatu gura dugu,  eskualdeari bizia emateko. Ekonomia arloan inguruko enpresen elkarte bat abiatu gura dugu. Orain hasi gara lantzen, eta hemengo enpresen artean harremanak bultzatzea da helburua, lekuko garapen ekonomiko bat bultzatzeko. Helburua da Baigorri inguruko eta Baxenabarreko enpresekin hastea, baina, ostean, Euskal Herriko enpresa eta kooperatiba guztiekin bultzatzea harremanak. Maila horretan Olatukoop-egaz harremanetan ari gara. Kultur arloan ere gura genuke Etxauziaren bidez eskualdeari bultzada  bat ematea.

Kultur erreferente bihurtuz?
Gaztelu batek duen prestigio hori baliatu gura dugu euskal kulturari bultzada bat emateko. Etxauziako ganbera handia da, ekitaldiak egiteko parada ematen du. Etxauzia Euskal Herriko kultur zentro handien sare batean sartu gura genuke, sortzen diren ikuskizun, kontzertu eta erakusketak Ipar Euskal Herriaren barnealdera ekartzeko. Hartara, kultur eskaintza bat proposatzeko eta kulturari dinamika bat emateko. Etxauziak duen milurteko historiaz baliatuz, ikerketa zentro bat sortzeko ere lanean gabiltza. Nafarroa Behereako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko historia azaldu gura da Etxauziatik pasatu diren pertsonaia historiko handien bizitzari jarraituz.

Diasporak ere paper garrantzitsua du Etxauzian?
Etxauzia zabaldu eta indarrak bildu gura ditugu euskal diasporako jendeagaz. Diasporako euskaldunei leku bat eskaini gura diegu, hona etortzen direnerako. Harrera egingo diegu eta laguntza eskainiko diegu zerbait ikusi edo ezagutu gura badute; jatorria edo familiaren sortetxea ezagutzeko ere bai. Beraien ondare immaterialaren lekukotasuna eta historia bildu gura ditu. Euskal Herriko proiektuen eta eragileen arteko topaketen gunea ere izango da. ‘Zabal’ hitzak laburbiltzen du hori. Euskaldunon etxea izatea gura dugu; sare bat osatu eta harremanak bultzatu.

100.000 euro batu zenituzten ‘Euskaldun bat, euro bat’ kanpainagaz. Baina, erakundeen babes gehiago gura zenukete?
Hala da. Argi dugu herritarren proiektua izan behar duela, hauek eramana eta egina. Baina dirutza handia da. Enpresa batzuen sostengua ari gara lortzen, baina Euskal Herri osoko enpresetara jo gura dugu; instituzioetara ere bai. Hala ere, norbanako eta euskaldunek proiektuan parte hartzea gura genuke, indarra herritarrena dela eta proiektua eurek eraman dutela aurrera erakusteko. Diasporan ere eskatuko dugu sostengua.

Historia zabala du Etxauziak.
Bai. Lehen aztarnak 1200. urtekoak dira. Berriz eraiki zen, zenbait aldiz, baina urteetan Nafarroa Behereako erresumako bizkondeen jauregia izan da. Beltran Etxauz artzapezpikuaren etxea izan zen, Enrike IV.a erregearen kontseilari izandakoarena, eta Charles Chaplin ere hirutan egona da ostatu hartuta, udan. II. Munduko Gerran soldadu alemanek okupatu zuten. Gainbeheran joan zen gero. Hainbat jabe izan zituen, eta bazterrera utzita ere egon zen, 1994an Baionako bikote batek eraberritu arte. Ostatu izan zen, 2003an egungo jabeei saldu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!