Gure Esku Dago

Demokraziaren jai handi bihurtuko da domekan Gure Esku Dagok antolatuko duen herri kontsulta

Markel Onaindia 2017ko mai. 5a, 09:30

Argazkia: Lehior Elorriaga

“Ez dugu beste inor mendean hartu nahi, etorkizuna hautatu, ez besterik”, dio Gure Esku Dagoren abestiak. Horixe egin gura dute domeka honetan Euskal Herriko 51 herritan, tartean Durangon, Zornotzan, Abadiñon, Elorrion eta Zaldibarren ere.

Momentuz, ez du balio juridikorik edukiko galdeketak, sinbolikoa izango da, baina herritarren nahia jakiteko ariketa bilakatuko da. Euskal estatu bateko herritar izan ala ez, hori da erantzun beharrekoa. Aipagarria da herritar askok boto aurreratua eman dutela; Durangon, adibidez, dagoeneko 400dik gora ziren partaideak eguaztenean. Tartean, alkatea bera ere bai.

Hala ere, esangura politikotik harago, demokraziaren jai handi bat bihurtuko da Gure Esku Dagok antolatutako herri kontsulta. Elorrion, esaterako, kanpaina amaierako jaia ospatuko dute gaur, 19:00etan. Ekitaldiaz aparte, musika eta jai-giroko eskaintza prestatuko dute. Domekarako ere egitarau luzea daukate: txistulariak 10:30ean, musika 12:30ean, dantzak 13:00etan, ekitaldia 14:00etan... 20:30ean amaiera ekitaldia egingo dute.

Ekitaldi nagusia
Durangon nazio mailako ekitaldi nagusia egingo da, 12:30ean, Ezkurdi plazan, eta Gure Esku Dago mugimenduko ordezkari Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide bertan izango dira. Ostean, dantzak eskainiko dituzte, eta arratsaldean deneriko ekintzak egongo dira: puzgarriak, Senegalgo musika, Joseba Agirre eta Unai Abaunza musikariak, jazza, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldea, tonbola... 20:00etan amaituko dute jaia, botoen kontaketagaz.

Zornotzan, karpan
Zornotzan karpa ipiniko dute Zelaieta parkean, eta 11:30ean hasita, hainbat musikari eta dantza talde pasatuko dira bertatik. Arratsaldean, Zaparrada batukada, zumba saioa eta Oxabiren erromeria edukiko dituzte herritarrek jai-girorako.

Abadiñon, herri kirolak
Abadiñoko Txanporta plazan umeentzako tailer zein puzgarriak prestatuko dituzte, 12:00etan eta 17:00etan, eta musikarik ez da faltako eguerdian. Traña plazan, ostera, herri kirol saioa ikusi ahalko da, 12:30ean, eta gero  kantu kalejiran irtengo dira. 17:00etan umeentzako tailerrak eskainiko dituzte, eta 18:00etan txokolatada.

Zaldibarren bertsolariek eta dantzariek parte hartuko dute, 12:00etan hasita, eta eguerdian bazkari herrikoian batzeko deia egin diete herritarrei.

Beraz, botoa emateaz aparte, ondo pasatzeko egun bat izango da domekakoa; “jende zoriontsua izan dadin, herri libre batean”, kantuak dioen lez.

______________________________________________________________________________________________________

ANDONI AIZPURU: “Emaitza polita izateko esperantza dugu”

Zer sentsazio duzu?
Gure Esku Dagoko dinamikan hasieratik parte hartu dut, Elorrion taldea sortu zenetik. Galdeketa egin ahal izatea lan horren buruketa da, lehen urrats garrantzitsu bat. Oso motibatuta nago.

Zubiak eraikitzea izan da herri askotako helburua.
Elorrion asko zaindu dugu ahalik eta aniztasun handiena lortzea. Jende bat erakartzea ia ezinezkoa da, baina emaitza polita izateko esperantza dugu. Bestalde, datuen irakurketa kontuz egin beharrekoa da. Meritu handiko emaitzak dira beste herrietan lortu direnak.

______________________________________________________________________________________________________

FELIX ARKARAZO: “Herrikoia izanik, posible izan daiteke”

Galdeketa publikoki babestu izan duzu.
Bai. Ahal izan dudan neurrian parte hartu izan dut. Durangaldean iragarki bat egon da, eta hor ahotsa ipini dut, adibidez. San Agustinen egondako aurkezpen batean ere egon nintzen.

Ekimen herritarra da.
Erakundeena barik bultzada herrikoia izanik, posible izan daiteke batera abiatzea, mesfidantzak gaindituta. Bizitzeko eskubidea alde batera utzita, zer oinarrizkoagorik pertsonari gura duen bidetik abiatzen uztea baino?

______________________________________________________________________________________________________

OIHANA AZKORBEBEITIA: “Partaidetza handi-handia espero dut”

Partaidetza handia egongo dela uste duzu?
Uste dut galdeketa inportantea dela gizarteak zer gura duen ikusteko. Gerora zer egin daitekeen ikusteko balioko du. Parte-hartze handi-handia espero dut, baina jende bat ez dela ezertaz enteratu ere uste dut. Batzuk beste satelite batean bizi dira [barrez]. Badakigu sinbolikoa dela, baina ea jende askok bozkatzen duen.

Ekimena jarraitzen duzu?
Umeak, beharra, lasterketak... denboraz eskas ibiltzen naiz, baina egin izan diren ekintzetan ahalegindu izan naiz parte hartzen.

______________________________________________________________________________________________________

ZIGOR ITURRIETA: “Aukera aprobetxatu beharra dago”

Zerk bultzatu zaitu kontsultan parte hartzera?
Hori baino gauza demokratikoagorik ez dago, ezta? Horrelako gauza bat erabakitzeko aukera izatea oso polita da. Aukera aprobetxatu beharra dago. Ea apurka-apurka nahi dugunera bultzatzen dugun bide hau.

Zer iritzi duzu dinamikaz?
Gure Esku Dago dinamikoa da, eta gauza politak ikusten dira. Zornotzan herri kirolen festa bat antolatu zuten, eta lau kirolari ibili ginen. Giro polita sortu zen. Giza katean ere egon nintzen.

______________________________________________________________________________________________________

  LEIRE BILBAO: “Herriak erantzunak gura dituela uste dut”

Zergatik parte hartuko duzu domekan? Zerk motibatzen zaitu?
Erabakitzeko eskubidea izatea da galdeketan parte hartzera motibatzen nauena. Asko dago norbere esku, eta, sikeran, erantzun bat emateko aukera izateagatik bakarrik merezi du galdeketan parte hartzea.

Zelan baloratzen duzu mugimendua eta izandako erantzuna?
Herriak galderak dituela eta herriak erantzunak gura dituela iruditzen zait. Herria martxan dabilen seinale ona dela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!