100 urteko Victoria Amezuak lekukoa hartuko du Berrizen

Markel Onaindia 2017ko api. 7a, 10:00

Korrikak utziko dituen une magikoetako bat gaur biziko da Berrizen. 100 urte dituen Victoria Amezuak hartuko du lekukoa, herriko azken metroak egiteko, Zaldibarrera sartu aurretik.

Bera jaio zen baserri parean hartuko du lekukoa. Ez dago urduri. “Urduri ez, oso pozik nago, ilusio handia egiten dit lekukoa eramateak. Ez dut sekula eraman. Korrika asko gustatzen zaidalako noa”, aitortu du Amezuak. “Hemen, baserri parean hartu behar dut, eta esaten didaten lekuraino joango naiz. Zaldibarreraino ez, asko da eta”, esan du ekainean 101 urte beteko dituen andreak.

Animoz ederto dabil, eta buruz argi. “Ibiltzeko ondo nago. Hobeto ezin egon, dauzkadan urteekin!”, dio irribarrez.  AEK-ko Miren Iturrik ekarri dio etxera petoa; ez zaio estiloa gustatzen, baina jantziko du. “Ez dit grazia handirik egiten. Baina eraman beharra dago, eta pozik egingo dut, gainera”.

Gaztetan, euskaltzale
Berrizen ezkondu, eta duela 50 urte inguru Lizarrara (Nafarroa) joan zen bizitzera senarragaz. “Gaztetan oso euskaltzalea izandakoa naiz. Alde guztietara joaten ginen autobusean, eta, horregatik, omenaldia ere egin ziguten”. Lizarran euskarak hobera egin duela igarri du. “Lizarran orain kalean entzuten da euskaraz. Ikastolan ere ume asko dabil”. Berak ere euskarari hauspoa emateko aukera edukiko du gaur, lekukoa hartuta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!