Bengoa: “Korrikaren 2. edizioan, lau ordu berandu heldu ginen Donostiara”

Markel Onaindia 2017ko api. 7a, 09:22

Otxandion lehen pausoak eman eta gero, gaur berriro sartuko da Korrika Durangaldean. Edizio honetan sortzaileak omenduko dituzte, eta  hasierako sasoi hartan ibilitakoak dira Ibon Aroma durangarra eta Kepa Bengoa abadiñarra. Eurei aparte, Korrikan parte hartzen duten lagun guztiei eskerrak eman dizkie AEK-k.

Korrikak sentsazio hunkigarriak ekartzen dizkizue.
K.B.: Hunkitu egiten nau Korrikak, tristetzeraino. Aurrekoan ere ez joatekotan egon nintzen, tentsioagatik. Akaso lehengo sasoiak gogoratzen dizkidalako, gogorrak izan ziren. Ilusioa ere bazegoen, gauza paregabea zen.
I.A.: Bai, sasoi gogorra zen. Gainera, orain baino jende gutxiago zebilen lanean.
K.B.: Lehenengo Korrikan, eraman genuen babes bakarra Gurutze Gorria izan zen. Guk biok gauez guardia egiten genuen Bilbon, AEK-ko bulegoan, euren irratitik noiz deituko itxaroten, zerbaitetan laguntzea behar bazen edo. Gainera, kilometro batzuetara jendea eraman behar zen. Zerbaitek huts eginez gero, Bizkaiko bulegora deitzen zuten.

Zergatik sortu zen Korrika?
K.B.: Premia bati erantzun bat bilatu behar zitzaion. Helduak euskalduntzeko presa zegoela ikusten genuen, ez zegoela dirurik, eta euskarari balioa eman behar zitzaiola. Koordinakundea Bizkaian eta Gipuzkoan sendo zegoen, baina beste herrialdeetan indartu egin behar zen. Euskal Herria korrika lotzea otu zitzaion talde bati, zerbait transmitituz. Lehen lekukoa Remigio Mendibururi eskatu genion; zabaltzekoa egin zuen, eta mezu bat sartzea pentsatu genuen. Baina, Sakana aldean galdu egin zen. AEK-k beste testu bat zeukan prest amaierarako, eta horixe irakurri zen bakarrik. Hamargarren ediziotik aurrera, Juan Gorritiren lekukoa erabiltzen da.

Horrelako esperimentu bat lehen aldiz egitea erronka itzela da.
K.B.: Lehen edizioan beldurra genuen ordutegiagaz, eta amaitzean lasaitua hartu genuen. Bigarrenean, ostera, lau ordu berandu heldu ginen Donostiara.
I.A.: Hasieran beti egon izan zen beldur eta zalantza hori.  Normalean gauez aurreratzen zen denbora. Pentsatzen dut hogeigarren edizioan dagoeneko beldur horiek gaindituta egongo direla!

Lehen Korrika abenduan egin zen, ezta?
K.B.: Bai, azaroaren 29tik abenduaren 7ra egin zen. Guk eguraldiari begiratu ere ez! [barrez].  Euskaltzaindiak Esan bai euskarari lema zeukan, eta guk, Zuk ere esan bai euskarari atera genuen. Sorpresa handi bat izan zen, ez genuen horrelako arrakastarik espero. Joseba Kanpo, Urtza Errasti, Julen Kaltzada, Natxo de Felipe... ziren talde eragilekoak.

Zuek biok, zelan hasi zineten istorio honetan?
I.A.: AEKn lanean geunden ordurako, Kepa Bilbon eta ni Durangon. Irakasle ginen, baina eraketako ardurak burutzen genituen. Durangaldean, taldeak egiten genituen lanerako. Kilometroak saldu, enpresetara diru eske joan...

Non dago Korrikaren arrakastaren giltza?
K.B.: Korrikan guztiok daukagu gure lekutxoa; lekukoa daraman talde batean bazaude, partaide sentitzen zara. Hori da Korrikaren arrakastaren gakoa. Gaur, adibidez, Gestamp Bizkaia enpresatik 12 lagunek hartuko dugu lekukoa. 153 langilek lagundu dute lekukoa erosten. Korrika hogeigarren ediziora ailegatu bada, gauzak ondo egin direlako da. Ahalik eta jende gehiena partaide egitea da, ahalik eta mezu zabalena hedatuz.

AEK-k zelako baliabideak zituen zuen sasoian?
K.B.: Gure garaian, ez geneukan ezelako azpiegiturarik, eta ikaslez gainezka genbiltzan. Kalean ere egin genituen saioak, gure egoera erakusteko. Durangon 300 lagunetik gora zebiltzan gau eskoletan, eta Durangalde guztian 700 bat. Alfabetatzeak egundoko indarra zeukan.
I.A.: Ikasleak sakabanatuta geneuzkan: Jesuitetan, Pinondon... Abantaila bat zegoen, ikasleak asko inplikatzen zirela.
K.B.: Ikasleen %50 militanteak ziren. Klaseetaz aparte, lan piloa egiten genuen kalean.

Aurten non hartuko duzue Korrika?
K.B.: Trañako zubi gainean hartuko dugu, eta Astola sarreraraino joango gara. Neuk eramango dut lekukoa, sortzaileak omenduko direlako.
I.A.: Nik ez dut lekukoa hartuko, baina Zornotzan sartzeko asmoa dut.
K.B.: Zornotzatik arineketan?
I.A.: Bai. Andreak eramango nau, eta handik etorriko naiz. Durangoraino.

20. Korrika DURANGALDEKO ORDUTEGIA

Zornotza 16:59

Iurreta 18:21

Durango 18:46

Abadiño 19:19

Atxondo 19:53

Elorrio 20:15

Berriz 21:00

Zaldibar 21:29

Mallabia 21:55

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!