Kanporen senitarteko eta lagunak batu zituen estreinako kilometroak. AEKren hasierako proposamena testigua familiako norbaitek eramatea zen, eta senitartekoez gainera, Urtza Erraztik ere hartu zuen ardura. “Testigua sorkuntzaren munduan dabilen norbaitek eramatea egokiagoa zela uste genuen. Eta pentsatu genuen: nor izan daiteke sorkuntzan dabilen eta gainera Josebagaz lotura zuen norbait? Urtza Errazti da hori, dudarik barik”, azaldu du Miren Kanpo Josebaren arrebak. “Joseba eta Urtza lagun minak ziren. Lehen bost Korriketan elkarregaz aritu ziren lanean, Urtza arduradun zela. Familiaren oso gertuko pertsona izan da beti Urtza, eta familiako lez sentitzen dugu”, gaineratu du Kanpok. Testigua eramateko proposatu ziotenean, “ohorea” izango zela erantzun zien. Horrela, Kanporen gomuta eta Korrikak sortzaileak omentzeko duen helburua uztartu zituzten.
Egunean bertan zein lehenengo kilometroan sentimendu “gazi-gozoak” nahastu zitzaizkiela onartu du Miren Kanpok. “Familiarentzat oso gogorra izan zen Josebaren heriotza. Beraz, alde batetik, guretzat une gogor hori berriro bizitzea izan da. Baina, jakina, momentu politak ere izan dira, eta egun polita izan dadin saiatu gara, tartean negar malkoren bat ere egongo zen arren”, adierazi du Miren Kanpok.
Otxandiarra bihotzez
Andikonako bonbardaketaren ostean —1936ko uztailaren 22an— Otxandiotik kanpora joan beharra izan zuen familia bateko semea izan zen Joseba Kanpo. Bilbon jaio zen, 1955ean, baina otxandiartzat zuen bere burua. “Jaiotzez bilbotarra, baina bihotzez otxandiarra zen”, dio Mirenek.
1980an Korrika sortu eta lehenengo aldia antolatu zuen batzordeko partaidea izan zen Joseba Kanpo. Oñatin hasi eta Bilbon amaitu zen lehenengo Korrika hura. Ondoren, bi urterik behin euskararen alde antolatzen den ekimenean lanean jarraitu zuen beste urte askoan zehar.
Joseba Kanpo