Barrondo: “Korrika berezia da 20. aldia delako, eta horren araberako zerbait egin gura nuen”

Alberto Barrondori betidanik gustatu izan zaio egurra eta harria lantzea.

Otxandioko plazaren erdian metro bi eta erdi garai den eta 150 kilotik gora dituen egurrezko testigu handi bat dago.  Korrika herrian hasiko dela gogorarazten die bertatik igarotzen direnei. Alberto Barrondo Oletan bizi den otxandiarra da artelan horren egilea.

Zelan bururatu zitzaizun egurrezko testigu handi hori egitea?
Nik buruan baneukan egurrezko testigu hori egitea. Gero, Korrikaren antolaketarako batzarrak hasi zirenean, batzuk kartoizko testigu handi bat egitea zerabilten buruan, eta, orduan, egurrezko bat egiteko ardura hartuko nuela esan nuen nik. Horrela hasi nintzen testigua egiten.

Hasieratik argi zenituen neurriak?
Bai. Aurtengo Korrika berezia da 20. aldia delako, eta horren araberako zerbait egin gura nuen. Anaia basozaina da, eta bere bitartez lortu nuen enborra. Egurra lantzerako orduan, benetako testiguaren proportzioak mantendu ditut. Hau da, benetakoaren eskala handi bat da plazan dagoena.

Plazaren erdi-erdian dago, mundu guztiak ikusteko moduan.
Bai, jendeak komentatu izan dit. Joan den asteburuan jendea testiguaren ondoan argazkiak ateratzen ikusi izan dut. Bakoitzari euro bat kobratuz gero, soldatatxoa aterako nuela uste dut (barrez). Pozgarria da jendeari gustatu zaiola ikustea.

Korrika amaitzean, zer egingo duzu beragaz?
Nik herriarentzat egin dut. Aurkituko diote erabileraren bat, seguru.

Korrikan parte hartuko duzu? Zelan biziko duzu Korrika?
Asteburu honetan hainbat ekitaldi daude, eta muntaketan parte hartuko dut. Bestela, lan egiten dudan lantegiko langileon artean kilometro bat hartu dugu, eta hantxe egongo gara. Korrika hasi baino lehen egongo den ekitaldia ikusi eta segituan gure kilometrora joan beharko dugu testiguari itxarotera.

Egurra lantzen ez zara hasiberria.
Ez, betidanik izan dudan afizioa da. Egurra ez ezik harria ere lantzen dut. 30 bat urte daramatzat bata zein bestea lantzen, ahal dudanetan. Etxean bertan ditut artelanetako asko. Oletan dagoen harrizko iturria ere, esaterako, neuk egin nuen oriajn iurte batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!