Gainezka egin duen Kontsumitzaileen Bulegorako behargin bat gehiago hartuko du Amankomunazgoak

Markel Onaindia 2017ko mar. 21a, 10:27

Banketxeen zoru klausulen inguruko erreklamazioen eraginez, Kontsumitzaileen Bulegoak gainezka egin du. Orain arte hilean 100 kexa lantzen bazituzten, orain 200era heltzen dira, Aitor Lopez presidentearen (EH Bildu) arabera. Horregatik, beste langile bat kontratatzeko beharra ikusi dute, eta apirila amaierarako lanean egotea espero dute. Erreklamazioak egiteko hitzorduak irailerako ematen ari dira, eta hainbat herritar kexatu egin dira atzerapenagatik. 

Jende uholdea ikusita, zoru klausulen erreklamazioak martitzenetara eta eguenetara mugatzea erabaki zuten arduradunek, gainerako kexentzako tartea edukitzeko. Hitzorduka ordenatu, eta hileetarako itxarote zerrenda dago. Hala ere, Lopezek gogoratu du 2019ra arte dagoela erreklamatzeko aukera. Gainera, behargin berriagaz, itxarote zerrenda eguneratu eta hitzorduak aurreratzen hasiko dira. Lopezen ustez, "normala da" jendea kexatu izana. 

Momentuz sei hilerako hartuko dute behargina, eta gero, postu bat edo bi lehiara ateratzeko asmoa dute, Lopezek esan duenez. 

EAJren kritika
Kontsumitzaile Bulegoa indartzeko partida joan zen egueneko osoko bilkuran onartu zuten. Gai horregaz batera, beste hainbat kreditu aldaketa burutu zituzten puntu berean, eta EAJk aurka bozkatu zuen. Jeltzaleek ez dute begi onez ikusi Amankomunazgoak aholkularitza juridikoaren zerbitzua kanpora atera izana. Diru partida 5.000 eurotik 18.000ra igotzea ere kritikatu dute, eta hori "benetako beharren txosten bat burutu gabe" egingo dela ohartarazi dute. Gainera, administrazioan lanpostu bat bete barik dagoela-eta, plaza hori betetzea eskatu dute. 

Kreditu aldaketaren aurka bozkatuta, "EAJk erantzukizun gutxigaz" jokatu duela uste du Lopez presidenteak. Adierazi du aholkularitza juridikoa kontratatzeko beharrizana dutela, eta EAJk aurreko legealdietan ere egin izan duela. Lopezen esanetan, udal guztiek normaltasunez burutzen duten zerbait da. Diruari dagokionez, 18.000 eurokoa gehienezko muga bat dela azaldu du. Bestalde, administrazioan hutsik dagoen lanpostua betetzeko asmoa dutela argitu du, eta egueneko kreditu aldaketagaz horretan hasteko partida bat onartu zela. Lopezen iritziz, "Amankomunazgoan gauzak ez egitea edo astiro joatea" da EAJren jarreraren helburua. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!