Euskal Herritik Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetarantz irtendako elikagaien zazpi kamioietako bat Durangaldekoa izatea da elkartasunaren erakusleetako bat. Duela hamalau urte hasi ziren ekimenagaz Durangoko Herriakoak, urtero milaka elikagai batuz, eta borondatezko lan horretan errelebo baten beharra sentitu dute. “Ilusioa amatatzen zihoan urteak pasa ahala. Rio de Orokoek beste espiritu eta gogo bategaz hartuko dute, eta pozik gaude”, dio Periko Arevalok.
Ia 100 lagun txandaka
“Erronka bat da Herriaren lanagaz jarraitzea”, uste du Rio de Oroko Mikel Del Arcok. Karabana solidarioaz gainera, Oporrak Bakean programa ere bere gain hartuko du azken lau udatan kanpamentu bat antolatu izan duen taldeak. Aniztasun funtzionala duten umeei udan etortzeko aukera bat eman gura zieten, ohiko programekin ezin dutelako irten handik. Adimen desgaitasunak izaten dituzte, bestelakoen artean. “Abenduan joaten gara, aniztasun funtzionaleko eskoletan beharrizanik handiena duten umeak ezagutzera, gero, udan ekartzeko”.
Aurten hamaika ume etorriko dira Izurtzan muntatzen duten udalekura; zazpi berriak izango dira eta lauk errepikatu egingo dute. “Eurek guk baino ekarpen handiagoa egiten dutela esango nuke. Magia bat sortzen da, eta difrutatzen saiatzen gara”, dio Del Arcok.
Esku artean dituzten hiru proiektuei aurre egiteko, hamazazpi laguneko lan taldea sortu dute Rio de Orokoek. Udalekuetan zifra biderkatu egiten da; iaz ia 100 gaztek parte hartu zuten, txandaka.
Emakumeen jabekuntza
Rio de Orokoa ez da ume sahararrentzako Durangaldeko udaleku bakarra. Harrera familien kopuruak behera egin zuenez azken urteetan, horren alternatiba lez Hamadako Izarrak egitasmoa sortu zuten. 15 ume ekartzen dituzte Atxondoko aterpetxera. 30 bat lagun ibiltzen dira begirale eta sukaldari lez, Garazi Etxebarriaren esanetan.
Aurten, errefuxiatuen eremuari begira proiektu bat ipini dute martxan, emakumeen jabekuntza helburu duena. “Heltzen da une bat ezkondu eta etxetik joateko, ala oso aurrerakoia zara eta kanpora ikastera zoaz. Baina errealitatea da hango neskek ez dutela b plan-ik. Horregatik, pi-
zzeria bat muntatzera animatu gara, beste eremu batzuetan ere funtzionatu izan du-eta”, azaldu du Etxebarriak. Elikagaien kamioian labe bat, ogia oratzeko makina bat eta 750 kilo zementu bidali zituzten egitasmoari hasiera emateko.
Herriko gazteekin
Elorriotik hainbat proiektu garatu dituzte dagoeneko Tindufeko errefuxiatuen eremuan. Sahararrek elikagai ugari jasotzen dute hemendik, baina euren kabuz sortzea ere garrantzitsua dela uste du Lajwad elkarteko Maku Florentinok. “Aaiunen nekazaritza eskola bat dago, eta interesgarria iruditu zitzaigun horri laguntzea”, adierazi du. Horren aurretik, kirol eremu bat eta futbol-zelai bat eraikitzen lagundu zuten. Gainera, Elorrioko ikasleek parte hartu izan dute zeregin horietan. 2010ean egin zuten lehen bidaia gazteek. “Kanpamentuak ez dira oporretarako leku bat; beraz, hangoekin berba egin eta premia batzuk zeudela ikusi genuen”. Horrela, ikaslerik ikasle, Sahararekiko elkartasuna herri osoan zabaldu da.
Horrez gain, karabana solidarioa eta Oporrak Bakean programa ere sustatzen ditu Lajwadek. “Gure elkartea sahararekiko eta hango borrokarekiko elkartasunez sortu zen. Arlo humanitarioa arlo bat da, gatazka politikoaren ondorio bat”, adierazi du Florentinok.
Lurraldetik kanpo
Espainiaren kolonia izandakoa, 1976an Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen, eta 1979an utzi egin zuten bigarrenek, Fronte Polisarioak hasitako borrokaren ostean. Mendebaldeko Sahararen independentzia aldarrikatu eta hainbat herrialdek onartu arren, okupatuta segitzen du oraindik, eta errefuxiatuak Aljerian daude. Egoera horrek baldintzatuta bizi direla nabarmendu du Del Arcok. “Sahararrak euren lurraldean egongo balira, uda normal bat pasatuko lukete, hondartzetan edo etxean. Baina han ez daudenez, tenperatura eta baldintza penagarrietan pasatu behar dituzte hile bi. Eta horregatik atera behar dira umeak handik”.
Pertsonaletik kolektibora
Pertsona bakoitzaren olatuek eragiten ez badute, elkartasun itsaso hori ezin da sortu. Zerk eraman ditu boluntario hauek sahararren kausan inplikatzera? Ardura eta ekarpen pertsonala izan ditu berbagai Rio de Oroko kideak: “Espainiako kolonia bat izan zen, eta badugu erantzukizuna. Euskal Herria oso inplikatuta dago gai honetan. Durangaldeak, gazteek, erantzutea aberasgarria da, pertsonalki ere bai”.
Gaztetatik nazioarteko elkartasun brigadetan parte hartzen du Florentinok, eta ikasten jarraitzen duela dio. “Sahararena etxetik hurbil dago. Hamabi bat bidaia egin ditut hara, eta ikasten jarraitzen dut”. Bestalde, “politikoki zure herrirako gura duzuna besteentzat ere gura izatea” beharrezko ikusten du.
Errefuxiatuen desertua elkartasunez ureztatzen jarraituko dute Durangaldean.
Atxondon dute aterpetxea Hamadako izarrak elkartekoek
Elorriotik hainbatetan joan dira errefuxiatuen kanpamentuetara.
Mahaian plater bat gehiago jartzea da esfortzu ekonomiko bakarra
Ume sahararrak udan etxean hartzeko kanpaina martxan dago, eta Rio de Oro zein Lajwad elkarteak harrera familia bila dabiltza. Umeen bidaiak, bisatuak eta aseguruak ez dituzte familiak ordaindu beharko, elkarteek eta udalek bere gain hartuko baitituzte. Diruagatik beldurrik ez izateko mezua zabaldu dute. “Mahaian plater bat gehiago ipintzea da, horrela laburbiltzen da. Ez zaie beste munduko ezer eman behar. Krisia behintzat ez dadila umeak ez hartzeko arrazoi izan”, esan du Rio de Oroko Mikel Del Arcok. Elkarte biak herritarrak informatzeko prest daude, argi utzita deitzean ez dela konpromisorik hartzen. Rio de Orokoen kasuan, riodeorodurango.com edo 676 10 87 94 telefonora jo daiteke, eta martxoaren 31ra arteko epea dago inskripziorako. Lajwadek apirilaren 10era arte emango du izena emateko aukera, udaletxera edo 656 71 45 51 telefono zenbakira deituta. Aurreiritzien gainetik, sustatzaileek nabarmendu dute umeak pozik etortzen direla hona, baina pozik bueltatzen direla ere, han pozik bizi direlako. “Ume normalak dira, familia egituratuetatik datoz eta oso maitatuak dira”, esan du Maku Florentinok. |