Janari lasterreko enpresetako "prekarietatea" salatu du Ernaik

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 16a, 11:47

Ernaik jakitera eman duenez, "prekarietatea" salatzeko, Euskal Herrian janari lasterreko 54 lokal itxi dituzte, eta horietatiko bi Durangaldean daude.

Durangaldeko taldeak jakitera eman duenez, silikona erabiliz Durango eta Zornotzako janari azkarreko bi lokal itxi dituzte bertako "prekarietatea" salatzeko asmoz.

Oharrean azaldu dutenez, iaz Euskal Herrian 54 izan ziren "prekarietateak" eraildako langileak, eta janari azkarreko enpresa bateko 24 urteko behargin batek lan istripua izan eta hil egin zen."Janari azkarreko enpresetan, azkar joatea lanaren parte da. Presak, ahalik eta azkarren iristeko presioa, ahalik eta bidai gehien egiteko presioa, janaria bero entregatu behar izatea... dira lanaren ezaugarri nagusiak", adierazi dute Ernaiko kideek.

Guzti hori salatzeko eta, janari azkarreko enpresetan zein beste hainbat lanetan gazteek jasaten duten "prekarietatearekin" bukatzeko "ekintza sinboliko" hau egin dutela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!