10:00etan bizikleta martxa abiatuko dute Durangoko Santa Anatik. Handik irtenda, Iurreta, Abadiño (Matiena, Zelaieta), Atxondo, Elorrio, Zaldibar eta Berriz zeharkatuko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte-hartzaileek helmugan dutxatzeko aukera izango dute. Helmugan, bizikletak gordetzeko lekua jarriko dute. Era berean, haurren txokoa ere antolatuko dute.
Bazkaria gaztetxean
Egitarauan hurrengo ekintza Berrizko Gaztetxean izango da. 15:00etan bazkari beganoa prestatuko dute. Parte hartu gura dutenek txartelak eskuratzeko aukera dute Durangoko Intxaurren, Elorrioko Portalekuan, Berrizko Fondan eta Abadiñoko Abarketeruenean. Langabeek bost euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek zazpi euro. Bazkalondoan, Arrasateko Las Klitorixx taldeak performancea taularatuko du.
Jaia eta aldarrikapena
Ainhoa Olaso Frenorik Ez plataformako kideak emakume feministak ekitaldi honetan parte hartzera animatu ditu, mugimendu feministan militatu zein ez. Lauzpabost urte dira bizikleta martxa antolatzen dabiltzala. Helburua elkarrekin ondo pasatzea eta aldarrikapenerako tartea izatea dela azpimarratu du Olasok. Aurreko edizioetako esperientzia “oso ona” izan dela nabarmendu arren, iaz ez zuten eguraldia lagun izan. Euri zaparradek errepidean putzu ugari sortu zituen, eta ekitaldia bertan behera uztekotan ere izan ziren. Hala ere, azkenean, bizikletekin errepidera irtetea erabaki zuten.