Martxoak 8

Emakume izateagatik, ardura karguak hartzea zailagoa denean

Markel Onaindia 2017ko mar. 3a, 09:30

Matxismoaren sakoneko eraginetako bat da. Enpresa edo taldeen zuzendaritzetan gizonak ikustera ohituta gaude, berezkoa balitz bezala. Gizonak irudikatzen ditugu langileak koordinatzen eta aginduak ematen.

Zergatik da horrela, unibertsitatean emakume asko badaude? Egiturazkoa edo oinarrizkoa da arazoa, emakume izateagatik, ardura karguak hartzea zailagoa bihurtzen da. Erreportaje honetan, sektore maskulinoetan ardura postuetan egotea lortu duten hiru emakumek euren esperientzia kontatzen dute, eta emakume zuzendarien presentzia urriaz hausnartzen dute. Bakoitza esparru eta egoera desberdin batetik dator, analisi desberdinagaz, baina bat egiten dute iritzi berean: hau aldatu beharra dago.

Lehen sektorea sustatzen
Alazne Uribarri Zaldibarko baserri batean jaio zen, eta bere bizibidea lehen sektorea sustatzen egin du. Eusko Label markaren sorreran egon zen Kalitatea fundazioagaz, gaur egun HAZI fundazioan bildu dena.

Zine zuzendari saritua
Lara Izagirre zornotzarrak zinea egiteko ametsa zuen. Ekoiztetxea sortu eta atzetik etorri ziren dokumentalak, film laburrak, Azurmendi jatetxeko komunikazio ardura... Bere lehen film luzeagatik Goya saria eman zioten, Irene Escolarren aktore lanagatik. Pelikulen sorkuntzan genero kuotak ezarri beharko liratekeela uste du.

Emakume bat palkoan
Maria Eugenia Etxebarria Amorebieta futbol taldeko presidentea da. Emakume presidente bakarra da Bigarren B mailan. Futbolak ordu asko kentzen dituela dio, bai astegunetan bai asteburuetan, eta familia ardurekin bateratzea zaila dela argi du.

______________________________________________________________________________________________

 

Alazne Uribarri (HAZI fundazioa)

“Iritzi autoritatea irabazi egin behar da, eta gehiago kosta zait emakume izatearren”

 Gutxietsia sentitu izan zara inoiz emakume izatearren?
Hasieran, bai. Sektoreagaz zuzenean egiten genuen lan, eta konbentzitzeko lan garrantzitsu bat egin behar izan genuen. Neska gazte bat euren etxera joatea gauzak zelan egiten diren azaltzera... Nire sinesgarritasuna sendotzea urte asko kosta zait. Iritziaren autoritatea irabazi egin behar da, eta uste dut niri gehiago kosta zaidala emakume izatearren.

Zure kasua adibide bat da emakumeek ardura postuetan lan egin dezaketela ikusteko.
Emakumeok arazoak gainditzeko espiritu handia dugu, borondate sendoa, sakrifizio gaitasuna eta konstantzia errepikaezina. Formazio itzela duten emakumeak gero eta gehiago dira, baina gero arazoak dituzte kontziliatzeko. Uste dut meritu berezi bat dugula emakumeok.

Familiaren zaintzak ere eragina dauka emakumeen karguetan.
Asko miresten ditut nire lankide diren emakumeak, kontziliatzeko orduan gizonek baino arazo gehiago dutelako. Interesgarria da bizitza pertsonalaren zurrunbiloan zelan bizirauten duten ikustea. Karga familiarrak ez dira konpartituak, eurengan pisu handiagoa dute. “Niri gizonak laguntzen dit”, esan izan du baten batek. Zer diozu?

Zer egoera daude administrazioko eta enpresetako zuzendaritzetan?
Administrazio publikoa eta enpresa pribatua bereizi behar direla uste dut, erritmo bi dituztelako. Administrazioan azken urtetan hainbat neurri ezarri dira kontziliazioaren alde, eta baita parekidetasuna lortzen saiatzeko ere. Gero eta emakume gehiago daude; albaitari edo ingeniari postuetan adibidez, eta maila ertaineko karguetan ere bai. Ardura handiko postuetan gizonezko asko daude, baina emakume eta gizonen arteko oreka bilatzen da zuzendaritzetan. Gainera, Estatuko beste erkidegoekin alderatuta aurreratuta gaudela esango nuke; azoka eta topaketetan igarri egiten da. Enpresa pribatuetan, ordea, zuzendaritza kontseiluetan gizonezkoak ikusten dituzu soilik. 2013an enpresen zuzendaritzako master bat egin nuen, eta informatzera etorri ziren guztiak gizonak izan ziren. Ikasleak 40 ginen, eta emakumeak 8 bat.

Zelako esperientzia profesionala izan da zuretzat HAZIn lan egitea?
1992an hasi nintzen hemen lanean, aurten 25 urte beteko dira; nire bizitzako proiektua da. Zaldibarko baserri batean jaio nintzen. Zazpi neba-arrebatako nagusiena izanda, akaso markatu ninduen, eta zerbait maskulinoa egitea erabaki nuen, arauak haustea. Ikasketak amaituta, nire ibilbide profesionalak hona ekarri ninduen, proiektua zuzentzera. Euskal Herriko produktu tradizionalen kalitatea bereiztea zen asmoa, zigilu edo marka bat sortzea, eta balioa ematea abeltzain eta arrantzaleek erabili ahal izateko. Zaila izan zen, baserritarrek ia guztia autokontsumorako ekoizten zuten-eta. Baina merkatu bateratu komunean sartzean, beharrizana ikusi zuten. Esperientzia paregabea izan da, eta oraindik ere bada.

Zein da orain zure lana, eta zer erronkatan murgilduta zabiltza?
‘Kalitatezko markak eta merkatuak’ ataleko zuzendaria naiz. Eusko Labeleko produktuen eta horien komertzializazioaren ardura daukat. 2013an jaio zen HAZI, Kalitatea fundazioa beste bigaz bateratzean.  Kontsumo ohiturak aldatu dira, eta zigilua ere bai. Une honetan Eusko Labelagaz egiaztatutako 16 produktu ditugu, eta horiekin elaboratutakoak gero eta gehiago dira; oilasko hanburgesak eta Ibarrako piperrekin egindako gildak, esaterako.

 

 ______________________________________________________________________________________________

 

  Lara Izagirre (Goya saria duen zuzendaria)

“Bizibide hau utzi duten neskak ezagutzen ditut, mutilen kasuan ez”

Zer presentzia dute emakumeek zinean?
Zinea gizonena da, erabat. Gure pelikulako kasua oso arraroa izan zen; zuzendaria emakumea eta gaztea, eta talde erdia ere, emakumeak. Emakumeak ez laguntzaile lez bakarrik, soinu teknikari arduraduna edo produkziokoa ere bai. Emakumeek ere goian egon behar dute, iritzia ematen. Ez duzu aurkituko gizon batek zuzendutako film bat, talde erdia emakumez osatutakoa. Kasu batzuetan, mutila banintz beste era batera erantzungo lidaketela sentitu izan dut; badirudi mutila izateagatik zuzendari hobeak izan behar dutela. Unibertsitatean 90 neska eta 10 mutil ginen, eta lan munduan, alderantziz. Gizonek aukeratzen dutelako da hori. Bizibide hau utzi duten neskak ezagutzen ditut, mutilen kasuan ez, ordea. Zinera zoaz eta hamar filmetik bat ere ez da emakumeek zuzendurikoa; hurrengo astean, hamarretik bat. Lehiaketa edo jaialdietan, berdin. Gizonek bederatzi aukera dituzte, eta guk bakarra.

Zer egin daiteke hobetzeko?
Nire ustez, kuotak ezartzea. Bestela, inoiz ez da egongo aukera berdintasun bat. Kuota bat ezarri eta goazen alderatzera neskek eta mutilek egin duguna. Berlinen, adibidez, sari garrantzitsuenak emakumeentzat izan dira, protzentaje oso txikiagaz. Gizonek egin ditzakete pelikula txarrak, emakumeek ez. Beraz, hobeak gara objektiboki.

Urte gutxiren buruan zine zuzendari saritua bihurtu zara.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikastean, zinea egin gura nuela sentitzen hasi nintzen. New Yorken urtebeteko ikastaroa egin nuen, eta hor topatu nuen nire bidea. Zornotzan ekoiztetxea sortu, eta apurka film laburrak sortzen hasi nintzen. Gero, zine ikastaroak eskaintzen, komunikazio lanetan... Film luzea egiteko gogoa sentitu eta hor jaio zen Un otoño sin Berlin. Ekoiztetxea oso txikia zen hasieran, eta naturalki joan da hazten.

Zertan zabiltza orain?
Zine gidoi bat idazten nabil, euskaraz izango dena, eta komedia. Bestalde, bere arloan lanik ez duen emakume bati aukera eman gura nion proiektu bategaz, eta  Naiara Carmona hasi da gugaz. Virginia Wolfek zioen lez, sortzeko gela propioa eduki dezan.

Zelan gogoratzen duzu filmearen sorkuntza?
Grabaketa aurreko fasea polita izan zen. Ilusio handiz geunden, askorentzat lehen pelikula baitzen. Gero, grabaketa polita izan zen, baina gogorra; jende asko dago zuri begira, eta ez dakizu erabakitzen duzuna ona den ala ez. Pelikula osoan inori zaratarik ez egitea eta besteei entzutea nuen helburu. Eta horrela egin nuen. Zinean diktadore asko dago.

Irene Escolarri emandako Goya saria zeurea ere bada.
Aktoreak ondo ez zuzentzea zen nire beldur handiena. Beraz, saria oso garrantzitsua izan zen niretzat. Irenek eta biok batera egin genuen zerbait da. Oso ona da, eta hasieratik ulertu genuen elkar. Agian elkarren beharra genuen.

 ______________________________________________________________________________________________

Maria Eugenia Etxebarria (Amorebieta futbol taldeko presidentea)

“Gaitasun berdinak ditugu; gura dugun lekuan egon gaitezke, uzten badigute”

Beste emakume pesidenterik ezagutzen duzu?
Bigarren B mailan ez dut uste beste emakumerik dagoenik. Lehen mailan, Eibarrekoa, Valentziakoa eta Leganesekoa daude. Bizkaian, Hirugarren Mailan dagoen Erandiok ere emakume presidentea dauka. Hala ere, klubetan lanean dauden emakume asko ezagutzen ditut.

Futbola mundu oso maskulinoa da. Horrek edukiko du ere zerikusia ordezkaritzetan...
Emakume asko daude lanean administrazioan, adibidez. Protagonismo gutxiagoko lanak egitera ohituta gaude, agian. Gainera, zure ardura familiarrekin bateratu behar duzu, eta futbolak asteburu asko kentzen dizkizu.

Gizarte egiturak ere ez du laguntzen.
Gizon baten gaitasun berdinak ditugu, eta, horregatik, gura dugun lekuan egon gaitezke, uzten badigute. Hori da gure borroka. Unibertsitatean emakume gehiago badaude, zergatik gero ez dira heltzen arduretara? Goian daudenak gizonak direlako, eta gizonak aukeratzen dituztelako. 45 urte daramatzat gauza bera aldarrikatzen; dagoeneko aspertuta gaude aldarrikatzeaz, ea zuen belaunaldiak aldatzea lortzen duen.

Arazorik edo begirada txarrik eduki duzu?
Horrelako egoeren detektagailu bat daukat, eta, zorionez, tratua ona izan da. Noizbait detaileren bat, bai. Logroñon, esaterako, palkora joan eta lau emakume eta gizon bat geunden. Bertako presidentea agertzean, gizona agurtu zuen, bisitarien presidentea zelakoan.

Zelan hartu zenuen Amorebieta futbol taldeko pesidentetza?
2014tik nago presidente karguan. Futbol-zelaiaren ondoan jaio nintzen, eta horregaz guztia esanda dago. Domekak futbola ikusten ematen genituen; nire nebak jokatzen zuen... Duela 11 bat urtetik naiz bazkide. Aurreko presidentea ezagutzen nuen, eta erretiratzeko asmoaz berba egin zuen. Nik lan aldaketa bat egin behar nuen sasoi hartan, eta familia ardurarik ere ez neukan. Apustu eta proiektu berri bat zen niretzat.

Zelako ardura eskatzen dizu?
Denbora asko eta esfortzu handia eskatzen dituen zeregina da, eta, egia esan, azkenean erre egiten du apur bat. Lehen taldea Bigarren B mailan dago, eta liga nahiko zorrotza da. Liga profesionaleko baldintzak bete behar dira, eta baliabide bila ibiltzen gara. Klubeko azpiegitura ez daukagu oso handia, bi-hiru lagun gara lanean, eta besteren bat ere badago aldika laguntzen duena. Jendea eta mugimendua behar dira.

Imajinatzen dut denbora asko emango duzula gauzak zelan zuzendu pentsatzen.
Jokalari, entrenatzaile eta guraso asko dira, eta sortzen diren arazoak gestionatu beharra dago. Baina, hala ere, hori alde erraza da. Diruaren gaia da gaitza. Krisiagaz, publizitate eta ekarpenen atalean 4 urtean %40 bat bajatu dira sarrerak. Bestalde, orain zaila da enpresetara babesletzak eskatzen joatea, guztiek baitituzte marketing sailak. Horma bat aurkitzen dugu parean.

Zenbat futbolari dituzue?
Harrobiko futbolean 250 bat jokalari ditugu, mutilen hamahiru taldetan eta nesken bi taldetan banatuta. Gero, Erregionaleko eta Bigarren B mailako taldeak daude. Nesken taldean lan handia dugu atzetik, eta euren amak ere badabiltza laguntzen. Haur mailako taldea sendotuta daukagula esan daiteke, baina jarraipena eman gura diogu. Kadete mailakoa sortu dugu, baina kidez justu-justu gaude, jokalari beharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!