Tokikom sareak 2016ko balantzea egin eta 2017ko erronken berri emateko aprobetxatu du batzarra. Euskarazko tokiko kazetaritza indartzea da 2012an sortutako elkartearen helburua, eta gaurtik aurrera, kide berri bi edukiko ditu: Oizmendi telebista eta Gaztezulo aldizkaria. Horrez gainera, edizio sistema bateratuan lan egiteko pausoak ematen ari da Tokikom.
Jone Guenetxea 2004an hasi zen Anboto Komunikabideetan, eta 2008az geroztik zuzendari da bertan. Ardura berria ilusioz hartu duela esan du hitzartzean, eta Aristiren lana ere balioan jarri du. "Ez da erraza izango Urko Aristik eman duen maila parekatzea".