Ingelesa irakastetik euskara ikastera

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2017ko ots. 27a, 13:32

Badira aste batzuk Go!azen-eko irlandarra Zornotzako Barnetegira heldu zela, beraz, gutariko bat da Borja Uribe edota Peter irakaslea.  Hori dela-eta, elkarrizketatzeko aprobetxatu nahi izan dugu. Ikus dezagun, ba, zer kontatu digun.

  • Beno, Borja! Orain ez da azalpen handirik eman behar, jende guztiak baitaki nor zaren; baina Go!azen fenomean parte hartu orduko, bazenuen eskarmenturik arloan?

Bai! Lan asko egin ditut arloan. Bilbon antzerkigintzarekin lotutako ikasketa batzuk egin ostean, Madrilera joan nintzen eta bost urte gehiago eman nituen ikasten; harrezkero, hainbat egin gauza dut: antzerkia Espainia osotik, Goinkale, La que se avencina, Homicidios… Baina inongo zalantza barik Go!azen da orain arteko bereziena.

  • Eta nola heldu zinen, ba, Go!azen-era?

Ba kastin baten bidez. Eurek irlandarrarena egiteko mutil bat behar zuten eta, antza, oso ondo egin nuen proba; egia esan, sentsazio  ona izan nuen. Uste dut asko lagundu zidala Goinkalen egindako pertsonaiak; ez dakit gogoan izango duzuen Henry australiarra izan nintzela, hau da, atzerritarra. Hortaz, nolabait esatearren, kastinekoek bazekiten nola egiten nuen  lan horrelako  paper batean, eta nik neuk ere banekien egiten.

  • Une honetan, Go!azen oso famatua! Zelan daramazu arrakasta?

Ezin hobeto! Itzel gustatzen zait jendeak ni ezagutzea; batez ere, umeak direnean. Oso polita da kaletik joatea eta, bat-batean: “ Peteeeeeeeeeeeeeer!!!” Adibidez, aurreko egunean, bertotik herrira gindoazela,  Ikastolatik pasatzean, ume batzuk hasi ziren urduri jartzen eta euren artean komentatzen: “Bera da!!!”,  “Ez da!!”, “Bada!!”, “Ezetz, ba!”… Eta azkenean, hurbildu, eta Peterrena eginez “Kaixo, lagunok!” esan nien! Ezin duzue imajinatu ere egin umeek jarritako emozio aurpegia! Horrek asko betetzen nau!

  • Zergatik erabaki duzu euskara ikastea?

Beno, ba, arrazoi asko dira hona ekarri nautenak. Hasteko,esan behar dut txikitan, hain zuzen ere,  lehenengo hezkuntzako  6.mailara arte, D ereduan ikasi nuela, eta berriro hartzeko grina beti izan dut. Aita Mutrikukoa dut, eta horrek ere eragina dauka euskara ikasteko dudan gogoan. Hala ere, ikasketak direla, lana dela… beti aurrera eta atzera ibili behar izaten dut, eta serio hartzeko astirik ez. Orain heldu da momentua; gainera lanean ere uste dut bidea zabalduko didala euskara jakiteak.

  • Eta horretarako, Zornotzako Barnetegia aukeratu duzu; zelan esperientzia?

Ba, erantzunik laburrena emango dut honi erantzuteko: hilabeterako etorri nintzen eta sei beteko ditut! Hori baino esanguratsuagorik ez dago.

Mila esker, Borja! Eta zorte on , bene-benetan!

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!