Rementeriak Durangaldeko 70 herritarren galderak erantzun ditu

Anboto 2017ko ots. 9a, 21:29

Herritarrentzako Aldundiak Durangon jarri duen bulegoak bi hilabetean 7.350 laguni arreta eman diela azaldu du Rementeriak, gaur, Durangon egindako batzarrean. 

Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, gaur arratsaldean Durangon izan da Bizkaiko Aldundiaren kudeaketaren berri ematen. Batzar horretara Durangaldeko 70 herritar gonbidatuta egon direla azaldu du Aldundiak prentsa ohar bidez. Ekimenean parte hartu duten herritarrek proposamenak egiteko tartea izan dute.  

Aldundiak Durangon jarri du herritarrei arreta integrala emateko lehenengo bulegoa, eta Unai Rementeriak horren garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian. Bulegoak bi hilabete inguru daramatza lanean eta orain arte 7.350 laguni eman diela arreta jakitera eman dute.  Honako zerbitzu hauek eskatu dituztela gehien dio Aldundiak: zerga-ziurtagiriak, katastroaren gaietarako laguntza espezializatua, errentari eta ondareari buruzko informazioa, eta Aldundiari zuzendutako agirien erregistroa.

Eskualdeko bide-azpiegituretan egindako inbertsioa ere ekarri du gogora Ahaldun Nagusiak, eta Foru Aldundiak bidesarietarako sustatu duen tarifa lauaren onura nabarmendu du. A-8ko bidesariaren inguruan ere berba egin du Ahaldun Nagusiak. Rementeriak azaldu duenez,  "bidesarien arazoari ere konponbidea eman diogu. Ezarri dugun tarifa lauak 7.205 bizkaitarri ekarri die onura, eta horietariko asko inguru honetakoak dira. Gutxi gorabehera lau onuradunetik bat, %26, Durangaldekoak dira".

Rementeriak azaldu du, gainera, 2016an Aldundiak 8 miloi euro inbertitu dituela eskualdeko ETE eta autonomoak babesteko programetan eta 21 milioi euro adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei eta gizartetik baztertzeko arriskua dutenei laguntzeko.

Eskualdeetako herritarrekin guztira hamar bilera dira egitekoak eta Durangokoa laugarrena izan da. Aurretik beste batzuk egin dituzte Bilbon, Basaurin (Nerbioi-Ibaizabal) eta Igorren (Arratia), azaroan eta abenduan. Hurrengo bilera Ezkerraldean izango da, Santurtzin, otsailaren 23an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!