Nola sortu zitzaizun Chiosera joateko aukera?
Boluntario lana egiteko gogoa izan dut beti, eta errefuxiatuen gaiarekiko nahikoa sentsibilitate izan dut. Duela hiru hilabete enpresa itxi eta lanik barik geratzean, horretarako aukera ikusi nuen. Gaua proiektuaren barruan, Bilbon, etxebakoekin gaua igarotzen hasi nintzen. Gero, Zaporeaken egitasmoa ezagutu nuen. Chiosen jatekoa ematen diete errefuxiatuei; egunero 1.200 errazio banatzen dituzte.
Nolako esperientzia izan da?
Gogorra. 22 egun topera ibili gara. Egunero 10 ordu lanean. Baina, alde emozionala da gogorrena: Soudara zu zeu zoaz eta zuk zeuk ematen diezu janaria; errefuxiatuen aurpegia, bizi duten egoera ikusten duzu. Nola jatekoa hartzeko luzaroan ilaran egon behar duten. Bustita, txankletekin, oinutsik... Oso gogorra egin zitzaidan. Gainera, euria, elurra, zero azpitiko tenperaturak... izan genituen. Telebistan ikusitakoagaz zoaz gainera, zelanbaiteko aurreiritziagaz.
Aurrez aurre bizi duzu egoera.
Chiosen aurrez aurre ikusi ditut Siriatik ihesi telebistan ikusitako errefuxiatuak, familiak; haien istorio eta bizipenak. Omar, Yasmin, Nurah, Mamadou, neure alabaren adinekoa den Roudy... Beraien drama, tragedia, ezagutu dut. Emozionalki oso gogorra izan da. Sukaldean 17:00etan amaitzen genuen, eta apartamentura edo eurekin joateko aukera genuen. Gehienetan han geratzen ginen. Umeekin, batez ere. Sanferminetako entzierroa, danborrada egin genituen, soka-saltoan jolastu... Irribarretxoa atera gura genien.
Hori da esperientzia honen alderik positiboena?
22 egunean egindako lanaren fruitua momentuan ikustea izan da positiboena. Janaria ateratzeko, dena ematen genuen, egunero, eta jakiak banatzean beraien aurpegia ikustea sari txiki baten modukoa zen. Egunero otordu duin bat izaten dute. Lana maitasunez egitea da Zaporeak-en arima; jakiak maitasunez prestatu eta banatzea. Horretan saiatu naiz, irribarretsu egoten, atsegina izaten. Batzuek hori izango zuten irribarre bakarra.
Han bizi dutenaz jabe gara?
Ez dut uste. Urrun ikusten dugu. Saharan ere egon izan naiz, egoera bortitza da han ere. Baina, ohituta daude, zelanbait. Zenbait belaunaldik ezagutu dute hori. Gu bezalako jendea da, Siria, Irak edo Afganistangoa, eta horrek hunkitu ninduen gehien Chiosen. Medikuak, botikariak, irakasleak... ezagutu ditut. Euren herrietan bizimodu normala zeukaten; pozik bizi ziren, eta, bat-batean, kanpin-denda batean lo egiten dute; hotzagaz, lokatzagaz, senideak bidean utzita... Baliabide ekonomikoak dituzte eta mafiei ordaindu behar izan diete ihes egiteko. Kolpe latza. “Dirua dudan arren ez didate arroparik saldu gura, errefuxiatua naizelako”, zioen batek. Herrira itzuli gura dute, ez beste inora.
Zein bizi baldintza dituzte?
ACNURen bitartez mantak dituzte, gutxienez. Baina, Souda ez zegoen kanpamentu bat izateko prestatuta. Errefuxiatuak etortzen hasi ziren, kokatzen, eta egun, milaka daude. Baina, ez dute azpiegiturarik. Etorriberriak hondartzan daude. Ur berorik ez dute, komun gutxi batzuk... udan bero handia pasatzen dute, eta neguan hotza. Zaila da duintasuna mantentzea.
Zerk harritu zaitu gehien?
Asko hunkitu nau errefuxiatuen atzean dauden drama pertsonalak ezagutzeak. Almustafa. Oso jatorra, irribarretsua. Mugikorragaz grabatzen ikusten nuen, eta ezagutu nuenean jakin nuen hiru seme-alabak, emaztea eta amaginarreba galdu zituela etxea bonbardatu zutenean. Mamadou. Tabakoa saltzen zuelako Estatu Islamikoak buruan tiro egin eta gorputz erdia paralizatuta duena. Bi hilabetera esnatu zen Turkian, erietxean, eta, Nurah emazteak, haurdun, hiru seme-alabekin, Turkia erdia zeharkatu zuen oinez beragaz batzeko.
Irtenbiderik ikusten duzu?
Ditugun agintariak, Europan dugun elite politikoa ikusita, nahiko ezezkorra naiz. Errefuxiatuen jatorrizko herrialdeetako gatazkak konpondu behar dira. Ez da afera bukatuko, baina etxera bueltatu gura dute. Ezin dugu ahaztu heriotzatik ihesi datozela. Ezin diegu sarrera ukatu. Sirian, Afganistanen, Iraken... dago gakoa. Baina, interes handiak daude. Gogorrena agurra izan da. Ez nekien zer esan. Ez dakit zer gertatuko den haiekin.
Bueltatuko zara?
Gura nuke. Atenasen 20.000 errefuxiatu daude. Lan asko dago eta boluntario gutxi. Boluntario asko euskaldunak dira; Atenasen %25. Harro egotekoa da, europear lez lotsa sentitu arren.