Zabor organikoa osorik batzen hasi gura du Amankomunazgoak

Anboto 2017ko urt. 27a, 18:00

Gaur egun, kontainer marroiean ezin dira bota esnekiak edota okela eta arrain zatiak. Amankomunazgoak uste du debeku horregatik kanpainan parte hartzeko atzera botatzen dela jende bat, eta Aldundiari hori posible egin ahal izatea eskatu diote. 2017rako aurrekontuko erronketako bat da; EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin eta EAJ eta Abadiñoko Independenteen kontrakoekin onartu dute 6 milioi euro inguruko aurrekontua.

Aitor Lopez presidenteak (EH Bildu) adierazi du ez dela hondakinen bilketa zerbitzuan eman gura duten aldaketa bakarra. Izan ere, kamioiekin zaborra pisatzen hasi gura dute. Modu horretan, kontainer bakoitzean zenbat botatzen den jakingo lukete, eta beharren arabera kontainerrak aldatuko lituzkete. Gainera, zaborragatik ordaintzen den udal tasan, birziklatzen duen herritarra saritzeko aukera eskainiko luke.

Amankomunazgoak eskaintzen dituen beste zerbitzuen artean, gizarte arlokoa da esanguratsuenetakoa. Hain zuzen ere, gizarte zerbitzuen kartera garatzen dabiltza, bestelako instituzioekin elkarlanean. Adibidez, neguko aterpeari epea luzatu gura diote, negukoa soilik ez izateko.

Aldunditik 150.000 euro gutxiago jasoko dituzte gizarte arlorako, eta ondorioz, Amankomunazgoko diru aurreikuspenetan eragina izan du. Lehen aldiz, erremanentetik hartuko dute dirua, udalei karga handiagoa ez suposatzeko asmoz. Lopezek azaldu du "esfortzu handia" suposatu duela kontuak orekatzeak. Herriaren Eskubideko Julia Pereraren ustez "baloratzekoa da esfortzu hori", eta zerbitzuak mantendu egingo direla nabarmendu du.

Alderdien ika-mika
Partiden orekatze horren eraginez, Durango eta Otxandiok adibidez gehiago ordaindu beharko dute, hondakinen zerbitzurik ez baina gizartekoa badutelako. Horregatik, EAJ eta AIren ustez, gobernuaren saiakera hori ez da nahikoa izan. Joseba Mujika jeltzaleak kritikatu du ez dela "akordio politikorako borondaterik egon", eta gobernuaren gestioan "planifikazio falta" ere salatu du. Gainera, berdintasun zerbitzua sortzea eta Behargintza eraginkortzea proposatu du EAJk.

Amankomunazgoak ez du berdintasun arloko eskumena, eta hori hartu aurretik, zer egin daitekeen aztertu beharko litzateke, EH Bilduko David Cobosen ustez. "Aurreko legealdian [EAJ eta AI] 10.000 euro gastatu ziren berdintasun plan bat egiteko, eta plan hori kajoi batean dago". Egitasmo hori lez, eraiki ez den BTT zentrorako azterketak egiten 100.000 euro gastatzea leporatu zien Cobosek jeltzaleei, eta eguneko zentroa eta jantoki soziala lako "proiektuak saltzea" ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!