Zinema ala antzerkia? Aukeran, biak!

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2017ko urt. 23a, 12:20

Gaurko honetan, aisialdirako pare bat gomendio eman nahi dugu eta, bide batez, pare bat goraipamen egiteko aprobetxatu; izan ere, Euskal Herrian badugu txalotzeko moduko hainbat produkzio, eta guk geuk txalotzen ez baditugu, nork  egingo ditu txalotu, bada!

Has gaitezen Igelak filma zer dela-eta ikusi behar den argudiatzen. Lehenengo argudioa hauxe da: eta zergatik ez? Lan euskalduna da! Aktore ezin hobeek hartzen dute parte! Zuzendaria, zer esanik ez! Trailerra oso erakargarria da! Aurreko guztia jakinda, ez dago pelikulari aukera ez emateko aitzakiarik. Eta, gainera, guk egiaztatu egiten dugu benetan merezi duela. Besterik ez dizuegu esango: ikusi, egin barre, egin negar eta disfrutatu! Ez zarete damutuko!

Bigarren produkzioa, ordea, antzezlana da. Hain zuzen ere, Francoren bilobari gutuna ekarri nahi dugu blogera. Eta esan behar dugun lehenengo gauza zera da: ez galdu ikusteko aukera! Hartu egutegia, topatu noiz egongo den ondoen datorkizunen herri edo hirian eta joan ikustera bai ala bai! Ikaragarria da taula gainetik mugitzen diren sei artistek zelan jokatzen duten ikusleen sentimenduekin! Ikaragarria, zein  ezberdin kontatzen duten denok ondo ezagutzen dugun zerbait! Ikaragarria, mezua zelan helarazten duten! Bertan ere izango duzue barre egiteko aukera, zein negar egitekoa. Ez pentsatu gehiegi eta tira ikustera, abagune batzuk daudenean baino ez daude-eta.

Zorionekoak, gu; euskal kulturan beste asko eta asko baitira sormen-lanak egiten dituztenak. Parteka dezagun, hortaz, zoriona guztion mesederako!

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!