Auto istripuaren ostean autopista "berehala eta dohainik" ireki ez izana salatu dute

Anboto 2017ko urt. 18a, 21:32

AP-8 Peajerik ez plataformaren ustez, Bizkaiko Aldundiak "dirua egiteko" duen "irrika biziaren" adibide bat da gaur goizean Zornotzako N-634 errepideko istripuan izan duen jokabidea.

Gaur goizean kamioi baten eta auto biren arteko istripua gertatu da N-634 errepidean eta Zornotza parean. Auto ilarak eragin ditu. Egoera zein zen ikusita autopistako ordainsaria kendu eta erabiltzaile denentzako dohainik ireki ez izana salatu du plataformak. "Gertatzen den lehen minututik, autopista dohainik irekitzera beharturik daude legez. N-634a itxita, Bilborako sarbide bakarra autopista da". Gertatu dena "dirua egiteko irrika biziaren" adibide bat dela uste dute, egoerak behartuta gidari askok peajea ordaintzea eta autopista hartzea erabaki dutelako. Interbiak-ek "errepide itxiera denboran luzatzen denean bakarrik uzten du bertan behera ordainsaria". Aldundiari, aldiz, "ordainsariak uzten dituen milioiak bakarrik" interesatzen zaizkiola salatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!