Gerediaga Elkarteak bere esker ona adierazi dio Atorrasagastiri

Anboto 2016ko abe. 27a, 14:34
Atorrasagasti, ezkerretik eskumara hirugarrena. Argazkia: Durangoko Azoka

Gerediaga Elkarteko kudeatzaile postua utzi ondoren, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzan Kultura Sustapenerako zuzendaria izango da. Elkarteko webgunean idatzitako testu labur baten bidez, Gerediagako kideek eskerrak eman dizkiote Atorrasagastiri. Idatzi horretan gogoratu dutenez, kudeatzaile ohiak "lan handia eta ekarpen baliotsuak egin ditu elkartearen barruan".

Gerediaga elkarteak bere webgunean publikatutako testu osoa:

Joan den astean jaso genuen sorpresaz albistea. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu berriak, Bingen Zubiriak, Aitziber Atorrasagasti Gerediaga Elkarteko kudeatzaileari bere lantaldean egoteko eskaintza egin zion eta berak onartu egin zuen. Hain zuzen, Kultura Sustapenerako zuzendari berria izango da.

Sentipen bikoitza daukagu orain elkartekook. Pozik gaude Aitziberrek halan erabakita bere ibilbide profesionalean emango duen pausuagatik. Baina, penaz esaten diogu agur -edota gero arte-. Izan ere, lan handia eta ekarpen baliotsuak egin ditu elkartearen barruan.

Zorterik onena opa diogu errronka berri honetan eta gure esker ona agertu nahi diogu 2009an gure proiektuarekin bat egin zuenetik Gerediaga Elkarteari emandako guztiagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!