A-8ko bidesariaren aurkako plataformak Aldundiaren parean egingo du protesta

Anboto 2016ko abe. 16a, 10:11
Plataformako kideak, sinadurak batzen, otsailean.

Astelehenean Bilbora joango dira plataformakoak, eta euren aldarrikapenak Aldundiaren egoitza aurrean agertuko dituzte. Bestalde, urtarriletik aurrera, A-8 autobidea erabiltzen dutenek hilean 30 euro baino gehiago ez dute ordaindu beharko. Diru-laguntzak eskatu ahal dira jada.

Plataformakoek berretsi dute euren ustez diskriminatzailea dela bidesaria, eta hori kentzeko eskatuko dute astelehenean. Dagoeneko 18.000 sinadura batu dituzte, duela urtebete dinamikari ekin ziotenetik. "Bidesaria kentzeak herrialde osoko biztanleei lagunduko lieke", oharrean azaldu dutenez. Gainera, Bizkaiko eta erkidego osoko ekonomiarentzat "bultzada garrantzitsua" izango litzatekeela uste dute.

30 eurotik behera
Urtarriletik aurrera, A-8 autobidea erabiltzen dutenek hilean 30 euro baino gehiago ez dute ordaindu beharko. Izan ere, Aldundiak sistema berria ezarriko du, eta diru-laguntza eskatuz gero ordaintzeko muga hori ezarri ahalko da. Sistema hori bateratua izango da, A-8, Hegoaldeko sahiesbidea eta Artxandako tunelak barne hartuko dituena.

Diru-laguntzak eskatu ahal dira jada, Aldundian bertan edota Internet bidez; www.bizkaia.eus atarian sartu eta tramiteak betetzeko aukera dago. Eskatzaileek autoa detektatzeko gailua eduki beharko dute konektatuta, eta hilea amaitu eta gero 30 euroko muga pasatzen badute, hurrengo hilean bueltatuko diete soberan geratutakoa.

Baina, A-8ko bidesariaren aurkako plataformak uste du neurriak ez duela arazoa konpontzen, eta protestekin jarraitzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!