Ordezko pediatren faltan, hainbat zerbitzu eten egin behar izaten dituzte

Itsaso Esteban 2016ko abe. 16a, 10:30

Pediatria zerbitzurik barik egon ziren, joan zen astean, Zaldibar, Berriz, Atxondo, Elorrio eta Abadiñoko Zelaieta auzoko anbulatorioetan. Durangaldeko lehen mailako osasun arretako arduradunek azaldu dutenez, aipaturiko bost osasun zentro horietan umeak artatzen lan egiten duten lau medikuetatik hiru falta izan ziren joan zen astean, eta ordezko bakarra etorri zen.

Ezinezkoa zen langileen ordezkapenik barik herriz herri ohiko zerbitzua eskaintzea. Horrela, eta zerbitzuko arduradunek azaldu dutenez, garraio publikoz bertaratzeko aukera gehien eskaintzen duen zentroa delako, Traña-Matienako osasun zentrora bideratu zituzten  Zaldibar, Berriz, Atxondo, Elorrio, eta Abadiñoko Zelaieta auzoko umeak.

Iñaki Intxausti da eskualdeko lehen mailako osasun arretako koordinatzailea, eta haren berbetan, “arreta ziurtatzea” izan zen helburua joan zen asteko egoeran. Premiazko kasuak bakarrik artatu zituzten Traña-Matienako zentroan. Inguruko herrietako erabiltzaileei ere zerbitzua eman ahal izateko, premiazkoak ez ziren kontsultak atzeratu egin behar izan zituzten. Hainbat herritarrek helarazi diote beraien kexa Osakidetzari.

“Pediatra falta”
Durangaldeko anbulatorio horietan joan zen astean gertatu zena euskal osasun zerbitzu publikoak daukan arazo orokor baten isla izan da, arduradunen berbetan. Pediatrek dagozkien baja edo opor egunak hartzen dituztenean, ordezkapenak egiteko eskuragarri dagoen langile zerrenda ez da beharrizanari erantzuteko bestekoa. “Pediatra falta dago, eta medikuek ez dute espezialitate hori hautatzen”, Iñaki Intxaustiren berbetan. “Arazo larria da daukaguna”, dio Intxaustik, “eta itxura guztien arabera, gero eta gehiagotan gertatuko zaigu; ez du soluzio errazik, baina bilatu beharra dago”.

Durangaldeko egoera
Osakidetzak ezarritako ratioen arabera, 800 umetik gora dauden lekuetan egokitzen da pediatra baten zerbitzua edukitzea. Berriz, Zaldibar, Abadiñoko Zelaieta auzoa eta Atxondo ez dira gutxieneko horretara ailegatzen, eta bi medikuk dihardute lau zentroetan lanean. Bestalde, Traña-Matienan eta Elorrion pediatra bana daukate, bost daude Durangon eta Iurretan, eta hiru Zornotzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!