Asiar liztorraren zabalkundea etenbakoa da Europan. Duela hamaika urte itsasontziren batean Asiatik Bordelera (Frantzia) heldu zenetik, urtean 50 kilometroko hedadura konkistatzen du. Kantauri isurialdea hartuta du, baita Galizia eta Portugal ere. Orain Katalunian hedatzen ari da. Durangaldean nabarmena da asiar liztorraren presentzia.
Iñigo Mendibil atxondarra suhiltzailea da Markinako parkean. Erlezaina izanda, asiar liztorraren inguruan interes berezia izan du. Mendibilek azaldu duenez, azken hiru urte hauetako esperientziak oso ezberdinak izan dira. “Orain bi urte bagenekien Gipuzkoan arazo hau zutela, baina guk ez geneukan baliabiderik horri aurre egiteko. Iaz formakuntza jasotzen ibili ginen. Hala ere, baliabideak irailean heldu ziren, eta ordurako liztorra topera zegoen”, adierazi du. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak Basalan enpresari esleitu dio asiar liztorraren habiak kentzeko ardura. Horrek suhiltzaileen lana arindu duen arren, habiaren bat leku arriskutsuren batean badago beraiek joaten direla azpimarratu du atxondarrak.
2015ean Bizkaiko suhiltzaileek 1.800 habia kendu zituzten. Aurten, berriz, 300. 2016an, Bizkaiko Foru Aldundiaren protokoloagaz, Basalan enpresak 2.600 habia kendu ditu. Udalek ere bat egin dute ekimenagaz. Beraz, inguruan asiar liztorraren habia ikusiz gero, herritarrek dagokien udalera jo behar dute jakinarazpena egitera. Izan ere, udalak dira Basalanen eta herritarren arteko bitartekaria. Suhiltzaileek bi irteera egiten dituzte habia bakoitzeko. Lehenengoan, non dagoen ikusi eta kentzeko modua zehazten dute. Bigarrenean, berriz, kendu egiten dute. “Ezinezkoa zen suhiltzaileon zerbitzua, hiru hilabetean, liztorretara 3.600 irteera egitera bideratzea. Gertatu zaigu habia kentzen ibili eta unitate horretarako beste dei bat izatea. Ikusi genuen hori ez zela eraginkorra”, gaineratu du Mendibilek.
Bertako liztorra bereizten
Bizkaiko Foru Aldundiaren protokoloa dela-eta, udaleko langileek formazioa jaso dute. Sarritan bertako liztor europarra (vespa crabro) Asiako liztorragaz (vespa velutina) nahasten dute askok. Orain udal langileak dira asiar liztorraren habia dela baieztatzera joaten direnak, eta erlauntzaren kokapenaren arabera, Basalanera edo suhiltzaileetara deitzen dute.
Suhiltzaileen barruan taldea sortu zuten kolektibo guztiari formakuntza emateko. Habiak ahalik eta modu eraginkor eta seguruenean kentzea da helburua. Habia eskura badago, iluntzean joan, plastikozko poltsa batean batu, eta liztor guztiak barruan daudela kendu egiten dute. Pozoirik barik dauden kasuetan, erlauntza horiek EHUko ikerlariei pasatzen dizkiete. Aldiz, arbola isolatuta badago, habia erre egiten dute. Hirugarren modua pozoia erabiltzea da. “Pozoia erabiltzea errezena bada ere, azken aukera da, kutxagarria baita”, dio suhiltzaileak.
Bertako erleei kalte
Asiar liztorren ziztadek alarma soziala piztu duten arren, erleen pozoia liztorrena baino kaltegarriagoa dela dio atxondarrak. “Gertatzen dena da liztorrak pozoi kopuru handiagoa duela eta eztena luzeagoa duela; 7 milimetroko eztena dute, eta erleek 2koa”. Pertsonei baino, bertako erleei eragin die asiar liztorrak kalterik handiena, baita fruitu ekoizleei ere. Liztorrak azukrea gustuko duenez, fruituan topatzen du gozotasun hori. “Berez kaltetuta zeuden erlezainei beste lan bat egitea tokatu zaie orain. Horregatik, habiak ikusiz gero, garrantzitsua da abisatzea eta kentzea, horrela eginda, kopurua asko jaisten dela ikusten delako,”, nabarmendu du Mendibilek.
Liztorra gozozale
Liztorraren gustuak baliatuz, erlezainek tranpak jartzen dizkiete. Negura orduko, botila berezietan fruituzko zukuak jartzen dizkiete bertara sartu daitezen. Udaberrian, aldiz, garagardo iluna, ahabia-zukua eta ardo zuri pixka bat jartzen dute. “Erleak alkoholera ez doazenez, ardoagaz tranpa horretara erleak ez sartzea bermatzen da”, dio suhiltzaileak. Tranpetara, liztorraz gain, tximeletak, erleak eta beste intsektu batzuk sartu ohi dira. “Jarraipena egin behar zaie, ikusteko velutinak direla sartzen direnak”, gogorarazi du Mendibilek.
Liztorra 600 metrotik behera, erreka inguruan eta leku epeletan gelditzen da. Beraien ziklo biologikoa urtebetekoa izaten da. Negurantza, arrak eta erregina izango diren emeak hazten dituzte. Habia batzuk zintzilik gelditu diren arren, erreginak hasi dira dagoeneko lekua topatzen, lurpean edo egur artean, pare bat hilabete negua pasatzeko. Otsailean hasiko dira kanpora irteten. Hilabete bi barru ikusiko ditugunak velutina erreginak izango dira, lehenengo habiak egiten.
“Iaz erlauntzen %40 galdu nuen; hori edonori kontatu, eta ez du sinesten zelan jarraitzen dugun”Valentin Llonak 35 urte daramatza eztia ekoizten. Bizkaiko zazpi tokitan 250-300 erlauntz artean ditu, tartean Zornotzako Epaltzan eta Montorran. Asiako liztorrak ezti ekoizleei kalte handia eragiten diela azaldu du. |
“Askoz ere lan gehiago ematen du liztorrak erleak baino, eta garestia da guretzat”Zure lanetik kanpo, afizioz zara erlezain. Noiztik? Zelako produkzioa daukazu? Zelan igarri duzu asiar liztorraren etorrera? Zelan egiten diezu aurre? Elorrioko institutuko ikasleekin tailer bat garatu zenuen iaz. |