Bizkaiko euskaltegien sareak jaso du 2016ko Lauaxeta Ohorezko Saria

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko abe. 7a, 09:35

José Ángel Iribarrek eta Bizkaiko euskaltegien sareak jaso dute 2016ko Lauaxeta Ohorezko Saria, Ahaldun Nagusiak emana.

Poesiaren arloan, Juan Kruz Igerabide Sarasola eta Garazi Ugalde Pikabea izan dira sarituak, eta ikus-entzunezkoen saria Hannot Mintegiak jaso du.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak José Ángel Iribar Kortajarenari eman dio 2016ko Lauaxeta Ohorezko Saria kategoria indibidualean, euskara sustatzen izan duen inplikazioagatik eta, batez ere, euskara kirol arlora eramaten egin duen lan handiagatik. Bestalde, Bizkaiko euskaltegiek ere jaso dute Ohorezko Saria, modalitate kolektiboan. Euskaltegien sareko ordezkariak izan dira ekitaldian, eta eszenatokira igo dira saria hartzera. Zornotzako Barnetegiaren izenean Mikel Etxebarriak hartu du saria. Sari honen bitartez aitortzen zaie hizkuntzaren normalizaziorantz egiten duten lan handia, funtsezko kolektibo bat baita euskara zabaldu eta indartzeko.

Ahaldun Nagusiak adierazi duenez "Lauaxeta izpilua dogu euskararen bizibarritzean. Euskarari bide  barriak zabaldu eta hauspoa eman eutson. Urtero Lauxeta saria jasotzen daben bizkaitarrak, ahalegin horretan nabarmendu dira. Taldeko Ohorezko Saria aurten Bizkaiko Euskaltegiek jaso dozue, euskarak asko aurreratu badu gure gizartean. Gero eta gehiago ezagutzen bada eta gero eta erabiliagoa bada, hezkuntza sistemari esker izan da."

Rementeriak saridun guztiak zoriondu ditu euskarari eginiko ekarpenagatik eta José Ángel Iribarren lana goraipatu du gainera "Bizkaiak daukan ikonorik baliotsuenetakoa zara, benetan eta euskarak izan dauan lagunik miñenetakoa, euskara ezpainetan izan dozu beti euskaraz aritu izan gara alkar beti. Mundutik zehar asko ibilia zara eta mugaz gaindiko bidai guzti horretan, euskara ezagunagoa eta maitatuagoa izaten ahalegindu zara eta lortu egin dozu. Baloi asko gelditu dozuz, bai, baina euskararen indarra geldiezina dala erakutsi deuskuzu."

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak Lauaxeta sariak eman ditu poesiaren arloan eta ikus-entzunezkoen arloan.

Poesian, Juan Kruz Igerabide Sarasolak jaso du 35 urtetik gorakoentzako Lauaxeta saria, "Lainoa janez" lanagatik; 35 urtetik beherakoentzako saria, berriz, Garazi Ugalde Pikabeak, "Morfologiak" lanagatik.

Bestalde, ikus-entzunezkoen arloan, Hannot Mintegiak irabazi du 2016ko Lauaxeta saria, «Markak» dokumentalarengatik. Gernikako bonbardaketak biztanleengan utzi zituen aztarnei buruzkoa da dokumentala.

Sariaren bidez, publikoki aintzat hartu nahi dira gure hizkuntza eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik nabarmentzen diren pertsona, talde eta erakundeak. Esteban Urkiaga (Lauaxeta ezizenez ezagunagoa) idazle euskaldunaren izena darama sariak, eta hala beraren figura unibertsala aldarrikatzen da.

Lorea Bilbao diputatuaren esanetan, "Bizkaiko Foru Aldundiak ez du edozelango gizartea nahi, gizarte aurreratua nahi dugu, ekintzailea, elebiduna, eleanitza, gizarte kohesionatua nahi dugu, eta bide horretan ezinbestekoa dugu hizkuntza bizikidetza ere bermatzea."

Bilbaok sari-banaketan esan ditu hitz horiek; politikaren eta gizartearen ordezkari ugari izan dira ekitaldian. Azkenik, ohorezko aurreskua dantzatu da, eta argazkia egin zaie saridunei, Unai Rementeria eta Lorea Bilbaorekin batera.

Lauaxeta sarien banaketa-ekitaldia Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egiten da, hau da, euskararekiko konpromisoa berresten den egun garrantzitsuaren bezperan.

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!