Edukiontzi marroien eta konpostagailuen aldeko apustua egingo dute Garain, Izurtzan eta Mañarian

Anboto 2016ko aza. 26a, 11:01

Duela bi urte Amankomunazgoak materia organikoa biltzeko proiektua jarri zuen martxan, udalekin elkarlanean. Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Iurretan eta Zaldibarren gaikako bilketa martxan dute dagoeneko. Herriguneetan, edukiontzi marroiaren bidez, materia organikoa biltzen dute. Landa eremuetan, berriz, konpostagailuak jarri dituzte.

Europatik gaikako bilketaren inguruko helburu batzuk ezarri dira eta, horiek betetzeko ezinbestekoa da, gutxienez, etxebizitzetan eta enpresetan sortzen den materia organikoaren erdia bereizita jasotzea. Ondorioz, 2020rako birziklapen tasa %50 izan beharko litzateke. Helburu hori lortzeko gakoetako bat errefusa jaistea da. Une honetan Durangaldeko birziklapen tasa %24,97 da. Hortaz, %75,03 errefusa da. Birziklatzen den horretatik %1 baino ez da materia organikoa. “Ingurumena hobetzeko eta gure ondorengoei mundu hobea uzteko gainditu beharreko erronka baten aurrean gaude”,  azaldu du Ismene Mandaluniz Ingurumen Garapeneko teknikariak. Amankomunazgoak aurrean duena ez da erronka makala. 

1.679 familia parte hartzen
Materia organikoa biltzeko egitasmoa martxan dagoen herrietan 1.679 familiek bat egin dute ekimenagaz. Herri horietako biztanleriaren %19,84 suposatzen du horrek. Beraz, pausoak ematen ari diren arren, oraindik ere sentsibilizazio eta kontzientziazio lan handia dago egiteko.

2014ko otsailean proba pilotua jarri zuten martxan Matienan (Abadiño) eta Iurretan. Lehenengo bilketa hilean 620 kilo materia organiko batu zuten. Zifra hori gorantza doa etengabe. 2016ko urtarrilean bilketa hori Iurreta eta Abadiño osora hedatzeagaz batera, Atxondo, Elorrio eta Zaldibar ere gehitu ziren proiektura. Horrela, 2016ko irailean 6.760 kilo jaso dituzte.

Hazten doan ekimena
Orain ekimena beste hiru herritara zabaltzeko asmoa dute. Garai, Izurtza eta Mañaria izango dira ekimenagaz bat egingo duten udalerriak.  Kanpainan parte hartzeko eta materiala dohainik jasotzeko, izena eman beharra dago. Horretarako, bi aukera daude. Telefonoz deitzea 946 232 522 zenbakira, edo e-posta bidaltzea organikoa.mdurango@bizkaia.org helbidera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!