Durango Kirol Taldeak antolatuko du, udaleko Berdintasun Sailagaz batera. Kirola aldarrikapenagaz uztartuko dute zapatuan. Indarkeriaren gaia gizarteratzeko, euren aletxoa jarri gura dute. Lasterketa nagusian emakumeek bakarrik parte hartu dezakete, baina horren aurretik beste lasterketa laburrago bat antolatuko dute helburuagaz bat egiten duen edonork parte hartu dezan —gizon zein emakume eta gaztetxo zein edadeko—. “Gizon zein emakume, denon erantzukizuna da indarkeriaren kontra pausoak ematea”, azaldu du Goretti Etxegibel Durango Kirol Taldeko kideak. Gurutze Frades triatleta iurretarrak lasterketa nagusian parte hartuko du, eta gai honetan “ahalik eta herritarrik gehien inplikatzeak” duen garrantzia azpimarratu du.
Biharko ekimenaren bidez, kirol ikuspegitik indarkeriaren gaia gizarteratzen lagundu gura dute. “Sinesgaitza da gaur egun emakumeek horrela ibili beharra. Gauetan etxera bakarrik joateko beldurrez eta abar. Gizarteko gaitz bat da, eta oso kontziente izan behar dugu denok horretaz. Batzuetan, urruneko gai dela iruditzen zaigu, baina datuek argi erakusten dute ez dela horrela”.
Zapatuko proba
Zapatuan jarri dute hitzordua Ezkurdin, 17:00etan. Lehenengo, lasterketa irekia egingo dute. 1,6 kilometroko luzera du, eta denei irekita dago, edonork egiteko modukoa delako.
Ostean, Emakumeen Lasterketa egingo dute. Etxegibelek emakumeei bakarrik zuzendutako lasterketa izatearen arrazoiak azaldu ditu. “Lasterketa mistoan, parte-hartzaile kopuruaren aldetik behintzat, protagonismoa gizonek hartuko luketela uste dugu. Eta, lasterketa honen bidez, emakumeei eman gura genien protagonismoa”.
Bost kilometroko ibilbidea diseinatu dute: Landako etorbidea, bidegorria, Fray Juan de Zumarraga, Ermodo eta Askatasun Etorbidea zeharkatuko dituzte. Lasterketa lehiakorra denez, batzuk arduratuta daude eskaini dezaketen errendimendua dela-eta. “Zenbat bider entzun ote dudan lotsaren kontu hori asteon”, adierazi du Etxegibelek. Baina, lehiaren gainetik, parte-hartzeak berak duen balioa azpimarratu du. “Gurutzek hiru minutu eta gutxian egingo du kilometroa, eta beste batzuek sei minututan egingo dute. Baina horrek ez dio ardura. Lehenengo sailkatuaren parte hartzea bezain inportantea da azkenengoarena”, gaineratu du. Lasterketarako izen-ematea www.herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, gaurko gauerdira arte. Egunean bertarako ere gordeko dituzte toki batzuk, badaezpada. Batutako dirua emakumeen indarkeriaren kontra lanean dabilen elkarteren bati emango diote.
Emakumea eta kirola
Gizonen eta emakumeen arteko desorekaren erakuslerik latzena eta larriena hainbat modutara ematen den indarkeria da. Baina horren atzean badaude gizarteko esparru askotan ematen diren beste hamaika adibide ere. Kirola ez dago desoreka horietatik libre. Gurutze Fradesek, esaterako, ibilbide luze eta emankorra darama triatloietan eta Iron Manetan. Emakumeen kirolak, oro har, komunikabideetan duen oihartzunean ikusten du desorekarik handiena. “Gizonekin alderatuta, beti gara bigarren albistea eta albistearen bukaera ohar bat. Eta hedabide espezializatuetako tratamenduan sekula ez gaude gure maila berean lehiatzen den gizonezko baten mailan”, adierazi du. Hedabideetako oihartzunak, garrantzi handia du babesleak bilatzerako orduan, eta horrela, “egoera frustragarriei” aurre egin behar die urtean zehar.
Etxegibel korrikan eta errugbian aritua da, eta Fradesen argumentua beste adibide bategaz indartu du: “Nire ahizpa [Ines Etxegibel] Espainiako emakumeen selekzioko entrenatzaile zela, Europako txapelketan azpitxapeldun geratu zirenean ez zen inor enteratu”.
Hezkuntzaren garrantzia
Etxegibel heziketa fisikoko irakaslea da Durangoko institutuan, 12-18 urteko gazteena. Urteetako esperientziatik ohartu da neska askok, adin batera heltzen direnean —14-16 urte bueltan— utzi egiten dutela kirola. “Aztertu egin beharko litzateke horren zergatia”, dio. Hein batean, prozesu hori ikastetxetik instituturako aldaketan ematen dela uste du Fradesek, eta jasotako heziketaren ondorioa dela. “Adin batera heltzean asentatu, bikotekidea aurkitu eta familia osatzeko bidea hasten dute”.
Egoera horri buelta emateko lan egin beharko litzatekeela uste dute. “Kirolak edo ariketa fisikoak osasun fisikoa, mentala eta soziala ematen ditu. Gorputza osasuntsuago dago, zeure buruagaz gusturago zaude eta besteekin hartu-emanak zabaltzen dituzu. Nork bere gustuko ariketa bilatu beharko luke, edozein dela ere, txirrindularitza, mendira joatea zein zumba ikastaroa”, dio Etxegibelek.