12 eta 26 urte arteko gazteek parte hartu ahal izan duten lehiaketan, guztira, hamar bideo-lan aurkeztu dituzte Durangaldean. Abadiñar gazteek “Janzkeragatik epaitzen. Zergatik?” eta “Zergatik hau neskoi bakarrik?” lanak aurkeztu dituzte Beldur Barik lehiaketan, berriztarrek “Salaketa” eta “Beldur Barik Plazara”, durangarrek “La inconsciencia sexista”, elorriarrek “Eraso sexistak”, “Txiste matxistak”, “Eskuak gurutzatuz” eta “Soinekoak denontzat”, eta iurretarrek “Ez dizute inoiz esan?”.
Indarkeria matxista prebenitzea helburu duen lehiaketaren sari banaketa bihar egingo dute, arratsaldeko 18:30ean Berrizko Kultur Etxean. Bertan, 300 euroko sari bi, maila bakoitzeko irabazleentzat, eta 100 euroko beste bi, aipamen bereziarentzat, banatuko dituzte.
Errespetua, berdintasuna eta elkarkidetza sustatzeko asmoz egiten den lehiaketan, epaimahaia Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta eta Zaldibarko udalek aukeratutakoa da. Epaimahaia berdintasun politiketan eta emakumeekiko indarkeriaren aurka lan egiten duten pertsonek osatuko dute.
Lehiaketaren aurkezpenean argitaratu zituzten oinarrietan jakitera eman zutenez, epaia ematerako orduan, bideoetan zabaldu den mezuari emango diote garrantzi “berezia” epaimahaiko kideek.
Horrez gain, hizkuntzak ere balio “garrantzitsua” izango duela adierazi zuten Beldur Barik Jarrera lehiaketa antolatu dutenek. Hau da, lanak gaztelaniaz aurkeztu ahal izan diren arren, euskarazko lanek balio erantsi bat izango dutela jakinarazi zuten.
Bestalde, Durangaldeko lehiaketan saria jasotzen duten lanek, lehiaketa orokorrean, Euskadin egingo den lehiaketan ere sariak jaso ditzaketela jakinarazi zuten antolatzaileek.
Lehiaketa orokorra
EAEko Beldur Barik lehiaketa orokorrera, berriz, 339 lan aurkeztu dituzte aurten. 12 eta 17 urte bitarteko gazteek horietako 245 aurkeztu dituzte, eta 18 eta 26 urte bitartekoek 94.
Lehiaketa honetan ere, maila bakoitzean, sari bi banatuko dituzte, lehenengoa 500 eurokoa eta bigarrena 300 eurokoa.
Horrez gain, beraientzat lanik onena dena aukeratu ahalko dute herritarrek, bozketa bidez. Eta botorik gehien jasotzen dituen lanak 300 euroko saria jasoko du.
Sari banaketa hau azaroaren 26an egingo dute Urdulizen.