Azoka datoooooorrrrrr!!!

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko aza. 22a, 14:39

Gutxitxo falta da Durangoko Azokari hasiera emateko. Hain zuzen ere, abenduaren 2an hasiko da, eta 6ra arte luzatu, aurtengo plaza. “Bizitzekoa da” lelopean biziko dugun 51. edizio honetan, ez genuke txokorik galdu beharko; hau da, benetan gozatzeko, bazter guztiak miatu behar ditugu. Hori dela-eta, inauguraziorako bi aste falta direla, birpasa ditzagun azoka osatzen duten guneak!

Landako barruan dago, eta izenak adierazten duen moduan, ekitaldi nagusiak  ikusiko ditugu bertan. Prentsaurrekoak, balorazioak, mahai-inguruak edota aurkezpenak gune honetan izango dira. 

Sortzaileei zuzendutako gunea badugu ere, irakurle eta entzuleentzako lekua ere bada. Egileek euren lanen gainean eman beharreko azalpenak entzuteko aukera paregabea topatuko dugu Ahotsenean. 

Landakotik 30 metrotara dago irudimenez betetako Saguganbara, eta Kulturaren transmisioa du helburu nagusi. Besteak beste, hizkuntzarekin jolas egiteko aukera izango dugu. Toki dibertigarria, bera; berezia!

Durangoko Kafe Antzokia! Azalpenik ere ez da behar, ezta? Guztioi gustatzen zaigu izugarri eguerdi zein arratsaldeko bertako tragotxoa, ezta? Baita gaueko kontzertuak ere! Berezko topalekua dela esan daiteke! 

Teknologia eta eduki librerik gabe, ez dago kultura ulertzerik, gaur egun. Horiek ere, beraz, badute euren txokoa kulturaren plaza honetan; zelan ez! Non eta Landakon bertan topatuko duzuen Kabian. 

24 orduko jarraipena ere egin daiteke, telebista bitartez, gura izanez gero. Oso aukera aproposa da hurbiltzerik ez dutenentzat, ezta? Bada modu bat plazaratzeko. 

Eta zelan ez, Durango bera! Euskal kulturan jatea eta edatea egin beharreko kontuak dira, eta Durango aproposa da, oso, horretarako. Beraz, gune batean ez bada, bestean topatuko gara, lagunok. Eta ez ahaztu: Durangoko Azoka BIZITZEKOA DA!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!