Sarriren irudia Durangaldeko ikuspuntutik

Anboto 2016ko aza. 21a, 13:46

Hainbat komunikabidek, atzo, Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa argitaratu zuten. Gaur, Sarrionandiaren inguruan idatzi dute Marisa Barrenak, Iñaki Totorikaguenak eta Jon Irazabalek ANBOTOn.

Marisa Barrena

Zure argazkia ikusi eta hasieran, “Aupa Sarri” esatea eta idaztea baino ez zait bururatu. Ilusiñoa eta emoziñoa bueltaka sentitu ditut nire barruan. Gaitza da adieraztea.

Zenbait orduz, Sarri noiz ikusiko egon gara hemen. Gauerdia izan da zure argazkia ikusteko jarri diguten hitzordua, errauskineri lez. Twitter-en  itzelezko trafikoa ibili da aurreko orduetan. Eta gaueko hamabiak noiz helduko gaudela, hara non agertzen zaigun gure idazle handia pantailan. Ordua baino lehen. Beti bezain irribarretsu.

Batzuk haserre hedabideren batek adostutako ordua baino lehenago atera zaituela-eta. Urliak osaba Manulen antza hartu dizu. Sandia Twitter-en ibiltzen ote zaren jakinguran. Berendiak burusoilduta zeundela uste zuela eta ile urdinarekin topo. Horrelako asko irakurri ditut sarean. Badakizu.

Nik egia esan poztasun handia hartu dut nire pantailatxoan agertu zarenean. Batez be, argazkia non eginda dagoen ikusi dudanean. Poztasuna gure Sarri, Jose, Jose Angel, Joseba, Martin edo beste edozein izenekin ezagutzen zaitugun idazle handia eta lagun bikaina zaren hori, Habanako leku enblematikoaren aurrean ikusi dudanean, ikusi zaitudanean.

Elkarrizketa leidu dudanean berriz, betiko Sarri aurkitu dut. Idazlea, ekintzailea eta filosofoa.“Ni mendialdeko hizkuntza bateko eskritore umila naiz eta ez dut neure burua audiobisualetan ikusten. Aterako didazun argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea” .

Itzela zara Sarri! Zorte handia dute Habanako zure ikasleek. Hemen ere pozik joango ginateke zure klaseetara edo, zurekin ekitaldi kulturalak antolatzera. Ea aipatzen duzun arrazoi politiko konkretua,  berandu baino goizago konpontzen den eta gurekin ere planen batzuk egiten dituzun.

Bitartean Sarri, zorte on eskuartean dituzun proiektu guzti hauetan; Unibertsitatean, KOKUIOA aldizkarian... eta jarraitu idazten, badakizu gu beti zure lerroak irakurtzeko irrikan gaituzula. Besarkada bat eta laster arte.

 

 

Iñaki Totorikaguena

Josebaren azkenengo oroitzapena 10 urteko mutiko batena da, hori izango zen nuen adina azkenengoz ikusi nuenean. Lehengusu nagusi horren irudiak, 21 edo 22 urtekoa, horrela iraun du nire oroimenean, denboran izoztua.

Hortik aurrera beti egon da presente gure familian. Baina ez idazle bezala, baizik eta zehaztugabeko munduko lekuren baten zegoen lehengusu edo loba, nire gurasoen kasuan, bezala. Hasiera baten galderak izkutuka egiten genituen, beldurragaz eta ardurarekin: zelan egongo ote zen, familiarik ote zuen, ondo biziko ote zen… Denbora pasa ahala, zorionez, hau aldatuz joan zen eta astiro-astiro heltzen zitzaizkigun albisteak, non zegoen eta zelan zegoen ere bagenekien!

Bat-batean Josebaren irudia ikusi dut, 36 urte beranduago. Harrituta geratu naiz, aitaren, nire tio Migelen (Goian Bego), nolako antza daukan ikusita. Bere lehengusua azkenengoz ikusi zuen umearen begien aurrean 36 urte kolpez pasatu direla iruditu zait. A ze nolako poztasuna!

 

 

Jon Irazabal

1980ko azaroa. Barikua. Goizeko zortziak eta hamar. Magdalenan, Donostiarako autobusaren zain. Joseba ere bertan, autobusa zain. Ni Azoka dela eta Donostiako argitaletxeetako arduradunei bisita egitera. Bera Potteko nahaste borrasteak konpontzera. Ordu biko bidaia. Herri eta auzo guztietan parada. Bi ordutan azokari buruzko ehunka hitz eta asmakizun. Iritzi, kontraesanak. Ikuspegi desberdinak baina elkarlanerako ahalmena. Donostia. Gipuzkoa plaza. Hordago argitaletxea. Iñaki Ezkerra  barrezka. Eskuartean egunkari zahar bat, lehen orrian bere argazkia eta esaldi bat “detenidos peligrosos terroristas”. Txiste eta barre ugari. Agur Joseba, datorren astean deituko dizut hitz egindakoa zehazteko. Bai ikusiko gara. Bera Hordagon gelditzen, eta ni Esterlines kalera. Hurrengo astean ostatuz aldatu zuten. “Ikusiko gara” bost urte luzatu zen.

1985eko ekaina. Barikua. Goizeko bederatziak. Iurretako gasolindegian, Donostiarako kotxe baten zain. Beste birekin Martutenera Joseba bisitatzera. Martutene. Lokutorioetako kabina zikin baten  hirurok eta beste aldean Joseba. Hogei minutuko ikustaldia. Durangoko berrien gosea. Lagunen bizitzaren norabideak ezagutzeko gogoa. Tximista baten pare joan ziren 1200 segundoak. Agur eta berriro ikusiko gara. Eskatuko dugu berriro baimena hainbeste denbora itxaron gabe. Hi, posible bada hurrengoan Vis a vis-a pasa den asteko “ilustreek”  bezala. San Fermin eguneko hego-haizeak berriro eraman zituen asmoak.

2016ko azaroa. Goizeko zortziak. Etxeko eskatzean, hogeita hamaika urte beranduago egunkarietan bere irudia. Ilea zuriturik eta nahiz eta Egunda santimamiñe abestu, bizarrak mozturik. Ez da bera. Nire buruarentzat uztailean Iurretan agurtu genuen Migelen irudia da.

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!