“Badakigu jende gehiago dagoela kalean lo egiten”

Markel Onaindia 2016ko aza. 21a, 11:40
Ezkerretik hasita, Areitio, Estefanía eta Arginzoniz

Kalean lo egiten dutenen errealitateaz gutxi jakiten da. Nortzuk diren, zein egoeratan dauden, herrian zenbat dauden... Jaurlaritzak bultzatuta, kontaketa bat burutu zen orain hiru aste Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 24 udalerritan, eta Durango eta Iurreta ere kontuan hartu zituzten; bina lagun topatu zituzten. Amankomunazgoak lehenengoz sustatu du, eta, guztira, 19 boluntariok parte hartu zuten kontaketan. Tartean, Caritas, JAED eta Iurreta txirrindulari elkarteko kideak.

Caritaseko hamar bat lagun ibili ziren boluntario, eta Alberto Estefanía zen euretako bat. “Ez genuen jende asko topatu, baina badakigu jende gehiago dagoela kalean lo egiten. Adibidez, elkarrizketatu genuen baten alboan beste batek egiten du lo, baina egun hartan Bilbon zegoen”. Bere ustez, herri batean denbora asko daraman jendea gaitzagoa dela topatzen gehitu behar zaio horri: “Leku babestuagoak aukeratzen dituzte: hondamen egoeran dauden eraikinak, bertan behera utzitako fabrikak, agerian ez dauden txabolak...”. Etxebakoentzako Etxepel zentroko arduraduna da Estefanía, eta kontaketak baliabide gehiago behar direla berresten duela dio.

Maitane Arginzonizek Gizarte Lana ikasi, eta Amankomunazgoan egin zuen lan. Kontaketan parte hartzeko gonbiteari baietz esan zion. “22:00etan batu ginen, Amankomunazgoko egoitzan, eta taldeka banatu ginen. Niri San Fausto eta hilerri ingurua tokatu zitzaizkidan, eta pare bat ordutan bueltaka ibili ginen; ez genuen inor topatu”.

Juan Luis Areitio Iurreta txirrindulari elkartekoa da, eta herriko ibilbidean egon zen. “Apur bat arduratuta joan nintzen, baina lagun taldeagaz ondo moldatu ginen. Kalean lo egiten duen batek bere bizimodua kontatu zigun, eta harrituta geratu nintzen”. Zenbait hedabidetan Iurretak portzentajerik altuena duela agertu da, baina Durango alboan egonda, datua ez dela erreala azpimarratu du Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak.

Lopez koordinazio lanetan ibili zen. Balorazio ona egin, eta hurrengo aldian herri guztietara hedatzeko asmoa agertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!