Bilgune Feminista sortu duzue Elorrion. Txoko Feministatik emandako pauso bat da?
Nerea Lersundi: Duela bost bat urte sortutako Txoko Feministatik irten den transformazio bat dela esango genuke. Lehengoak gara, baina, saretu egin gara. Euskal Herriko Bilgune Feministak duen indarraz baliatu gura izan dugu; izan ere, beti izan ditugu erreferente eta beti egon gara hartu-emanean.
Zeintzuk dira helburuak eta erronkak?
Lore Salaberria: Herrira begira, Txoko Feministaren helburu berberak. Herrian emakumeentzat espazio bat egotea gura dugu, eta indartsuagoak izatea. Elorrion baden errealitate matxistaren adierazpen guztiak azalerazi gura ditugu, eta herriko emakumeak ahaldundu. Bilgune Feministak 15. urteurrena beteko duen honetan batu gara horra, eta beraien erronkak geure egingo ditugu. Datorren urtean topaleku desberdinak izango dituzten hainbat ospakizun eta lanketa egingo dira.
N.L.: Aldaketa politiko eta soziala posible izatea litzateke Bilgune Feministaren erronka nagusia, beti ere, mugimendu feminista batek bultzatuta.
Ikuspuntu feminista zabaltzeko premia ikusi izan duzue?
N.L..: Txoko Feminista sortu genuenean premia bat ikusi genuen, eta oraindik ikusten dugu. Urteotan egoera aldatu da, pausoak eman dira. Badaude berdintasunaren aldeko politikak, planak... baina berdintasun faltsuaren aroan bizi gara; eta bide luzea dugu egiteko oraindik. Horregatik uste dugu indar gehiago jarri behar dela mugimendu feministan.
L.S.: Kalean presentzia minimo bat lortu dugu. Horregaz ez dut esan gura aurreko talde feministek lanik egin ez dutenik. Baina, feminismoa kaleratzeko gai izan garela uste dut. Premiak, baina, lehengoak dira.
Berdintasunari dagokionez, bide luzea dago egiteko.
L.S.: Bai. Berdintasunean bizi garen sentsazioa dugu. Hala ere, badirudi jendeak justiziaren esku uzten duela gaia, eta mugimendu feministak beti aldarrikatu izan du honetan aurrera egiteko modua aurrea hartzea dela, eta horretarako hezkuntza da bidea.
Hezkidetzaz ari gara?
L.S.: Bai. Aurrea hartzeaz ari garenean, eraso sexista gertatu ez dadin jendartean eman beharreko transformazioaz ari gara, erasoa gertatu ondorengo ondorioez baino. Eskola eremua garrantzitsua da, eta indarrak jarri behar dira horretan. Hezkuntza sistema osoa jarri behar dugu bide horretan, baina, etxean, kalean, eskolaz kanpoko ekintzetan egin beharreko lanagaz batera elkarren osagarri izan behar dira.
Arlo horretan, zein mailatan dago gizartea?
N.L: Aipatu dugun berdintasun faltsu horregaz dago guztia lotuta. Gure ustez, egiteko dagoen lan hori guztia egina dagoen ustea zabaldu da. Hala ere, urte biko umeek generoagaz lotutako estereotipo guztiak errepikatzen dituztela ikus genezake. Beste adibide bat gabonetako jostailuen kanpainak dira. Izugarria da, eta oso barneratuta dugu.
L.S.: Jendartean bada halako isiltasun itun bat. Konplize asko dago gai honetan. Askok ez dute jarrerarik hartzen; jarrera neutroak daude, guretzat konplizeak direnak. Ikusgarria da eremu makroan emandako indarkeria —dela fisikoa, dela sexuala— baina, eremu mikroan —etxean edo familian, lagun edo bikotekideagaz ditugun harremanetan— ematen den indarkeria ez dakigu identifikatzen, eta horrek ere konplize bihurtzen gaitu. Asko dugu hausnartzeko, entzuteko, oraindik.
Eraso sexisten aurrean herritarren erantzuna gero eta indartsuagoa dela dirudi.
N.L.: Badirudi baietz, baina, neutraltasun handia dago. Herritar denak animatu gura ditugu eraso guztiak salatu eta kalera irtetera. Gaitz bat da.
Beldurra ere erasoa da?
L.S.: Indarkeria estrukturala da. Egia da beldurra izateko hezi gaituztela, eta erreflexu naturala ere bada. Kontua da beldur horri aurre egiteko tresnarik ez digutela eskaini.
N.L.: Emakumearen askatasuna mugatzeko tresna izan da beldurra. Horri aurre egiteko hor dugu autodefentsa feminista. Are gehiago, horretara ez heltzeko tresna ere bada.
Elorrioko Bilgune Feministako kideak batzartuta.