Ipuin laburrak postontzietan eta Twitter bidez jasoko dira

Jone Guenetxea 2016ko aza. 18a, 12:15

Euskararen Egunaren harira, Berbaro Taldeak (Berbaro euskara elkartea, Plateruena kafe antzokia eta ANBOTO) antolatutako #365ipuin lehiaketa nobedadez beteta dator. Antolatzaileek azaldu dutenez, “140 letratan mundu bat azaldu daiteke. Aurten ere, badago labur gauza ederrak kontatzeko aukera. Euskarazko ipuin laburrez beteko ditugu bazterrak”.

Hirugarren edizio honetan, ipuin laburrak jasotzeko bideak aldatu egin dituzte. Twitter bidez #365ipuin traola erabilita ipuinak txiokatu daitezke. Berrikuntza moduan, aurten Durangaldeko leku estrategikoetan postontziak jarri dituzte paperean idatzitako ipuinak jaso ahal izateko.  Berbaro.eus webgunean kontsultatu daiteke postontzien kokapenaren zerrenda osoa. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 2a izango dela azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

Sari ugari
Lehiaketa honetan hiru sari banatuko dituzte. Postontzi bidez jasotako ipuinen artean, 17 urtetik beherakoen artean irabazten duenak tableta eta liburu-sorta jasoko du. 18 urtetik gorakoak, berriz, 100 euro eta liburu-sorta. Twitter bidezko ipuin irabazleak ere 100 euro eta liburu-sorta eskuratuko ditu.
Sari ematea abenduaren 14an egingo dute, 19:00etan, Plateruena kafe antzokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!