Errekak ekarritako ipuin-kontalaria

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko aza. 11a, 13:21

Gogoan duzue Cyril? Aurreko sarrera batean elkarrizketatutako Pariseko ikaslea dugu; eta orduan agindu bezala, berton dugu, gaurkoan ere, bere ipuinen gainean kontu konatari. Ikus dezagun zer dioen!

Itsasoratu nahi zuen ibaia, Izurde lehiazalea, Sator langilea… 2012z geroztik, ipuinak idazten ditut. Hiru hizkuntzatan: frantsesez, gurasoen hizkuntza baita; alemanez eta euskaraz, atxikimendu berezia diedan hizkuntzak baitira.

Hona hemen lehenengo ipuinaren jaiotzarekikoak:

Bizitzan zehar, asko eskuratzen dugu, hala nola, gorputza bera, senideak, adiskideak, ondasunak, jakintzak, trebetasunak…
Bizitzan zehar, asko galtzen dugu, hala nola, senideak, adiskideak, ondasunak, jakintzak, trebetasunak... eta gorputza bera.
Ikasten duguna ikasten dugula, lagun gutxi edo asko izan, ondasun kopurua edozein izanda ere… dena galdu behar dugu. Lehenago edo geroago. Urteak aurreratu ahala, maite ditugun izakiak hil egiten zaizkigu. Adin batetik aurrera, gaitasunak – fisikoak zein intelektualak – gutxituz doazkigu… Pixkanakakoa izan ez izan, itzulezina da galera-prozesua. Egun batez, hiltzeaz bat, bizitzan zehar metatutako jabetza material eta ezmaterial guztiak atzean utzita edukiko ditugu… Gorputza bera ezin izango dugu inora eraman. Lurrean geratuko da, izadiak beste zereginetarako beharko baititu gure hilotza osatzen duten elementu guztiak. 
Hala ere, errealitatea errealitate, badago zoriontsu izatea mundu honetan - une zoriontsuak bizi izateko aukera, behintzat…

Umetatik urak eta ubideek liluratuta uzten naute. Gurasoak bizi diren landa-jabetzan badago erreka sakon bat, txikitan miragarria iruditzen zitzaidana. Uadi antzeko bat dela esan liteke; ezen, ez dauka iturri egonkorrik. Euria ez badu behar bezainbeste egiten, agortuta geratzen da. Umetatik gustura ibiltzen naiz sasi eta zuhaitz arteko bide hareatsu misteriotsua bihurtutako ibilguan. 
Euri handia egiten duenean, berriz, uhar zirraragarria bilakatzen da erreka. Umetatik gustura geratzen naiz ikuskariari begira. Luzaro.
Umetan grina handiz ikasi nituen Frantziako ibaiak, adar eta guzti. Ondo ikasi nuen frantsesez bi ibai-mota bereizi behar direla elkarrengatik. Itsasoratzen direnek « fleuve » dute izena, beste guztiak, berriz, « rivière » izendatzen dira. 
Frantziako mugak estu samar egin zitzaizkidanean, munduko ibai nagusiak ikasteari ekin nion. 
Lan horretan ari nintzelarik, zerbait bitxiaz konturatu nintzen: Badaude ibaiak itsasora inoiz iristen ez direnak. 
Batzuk hustubiderik gabeko aintzira batera isurtzen dira, esaterako, Asiako Lli ibaia Balkash aintzirara.
Beste batzuk, basamortuan sartuta, ur guztia galtzen dute iragazketa eta lurrinketaren eraginpean, esaterako, Afrikako Okavango ibaia Kalahari basamortuan…

2012ko otsailean Alemaniako Chiemsee aintzira ederraren ertzean ibili nintzen paseoan lagun batekin. Aurreko hamabostaldian hotz handia egin zuen. Aintzira izoztuta zegoen. Izotz-hausle bat bi uharte nagusien artean zebilen. Elkarren kontra talka egitean, doinu atsegina sortzen zuten izotz-puskek. Nabari ziren urtzaroaren lehen zantzuak.
Begi aurrean genuen uraz mintzatzen hasi ginen laguna eta biok. Chiemsee aintzirak Alpeetatik etorritako Tiroler Achen izeneko uharra du betebide nagusia. Hustubidea, berriz, Alz ibaia du. Alz Inn-era isurtzen da; Inn Danubiora; Danubio Itsaso Beltzera.  
Orduan, itsasoratu ordez basamortuan agortzen diren ibaiak aipatu nituen. Itsasoratu ordez sorburutik bertatik aurrera metatutako ur guztia galtzen dutenak. Hiltzerakoan sortutakoan bezain txikiak direnak. 
Ume jaio, ume hil. Ibai horiek gure bizitzaren antza dutela esan nion lagunari.

Egun hartan bertan Itsasoratu nahi zuen ibaia idazteari lotu nintzaion.

Orduz geroztik, beste zazpi ipuin argitaratu ziren, entretenimendua eta gure bizitzari buruzko gogoetak uztartzen dituztenak, atsegingarriak izateaz gain, zertan pentsaturik ere ematen dutenak.
Ikusmina piztu baldin bazaizue, nire izen-abizenak sartu besterik ez duzue egin behar AMAZON.ES webgunean.
Ea ipuin horiek zuen gustukoak izaten diren!

Zer diozue, lagunok? Ez duzue Cyrilen ipuinak irakurtzeko gogorik? Guk geuk itzela!!!

Mila esker, Cyril! Eta laster arte!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!