Bi urteurren horiek ospatzeko, TOKIKOM Jardunaldiak antolatu ditugu toki komunikabideok. Arrasaten elkartuko gara datorren astelehenean, edukietan, marketinean zein teknologian ditugun erronkei buruz jardungo dugu, komunikazioaren munduko punta-puntako profesional eta enpresen eskutik.
Gainera, tokian tokiko komunikabideok euskararen transmisio katean betetzen dugun papera ere aztertuko dugu, eta, lehen aldiz, TOKIKOM Sariak ere banatuko ditugu, komunikabide txikiotan urtean egindako portadarik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenen artean. Toki komunikabideotan lan handia egiten den arren, sarritan tokiko publikoak baino ez du ikusten, eta sari hauen helburua egindako lan bikain horiek publiko zabalari ezagutaraztea da.
Jardunaldiok datorren astelehenean izango dira, azaroaren 14an, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Informazio gehiago eta izen ematea, webgunean.