Bidesaririk bako AP-8a eskatzeko auto-ilaran 120 bat autok parte hartu dute

Anboto 2016ko aza. 5a, 19:00

AP-8 Peajerik Ez plataformak deituta egin duten hirugarren auto-ilara izan da.

Bidesaririk bako AP-8a eskatzen duten aldarriekin kotxeak atondu eta klaxon hotsen laguntzagaz Durango- Abadiño-Elorrio joan etorria egin dute AP-8 Peajerik Ez plataformak deituta. 120 bat auto batu dira antolatzaileen esanetan. Plataforma sortu zenetik deitzen zuten hirugarren auto-ilara izan da gaurkoa. Apirilean egin zuten aurrenekoa eta irailean bigarrena. Orain arteko parte hartzerik zabalena apirileko deialdiak izan du 300 bat autogaz. Irailekoan ehunetik behera izan ziren. Orduan legez gaur ere eguraldi kaskarra egin duenez parte hartzeak beherantz egingo ote zuen beldur ziren, baina irallekoa baino zabalagoa izan da eta balorazio positiboa egin dute.

Protesta honek, AP-8 ko bidesaria kentzea bilatzen du. Ordaindu behar horrek, Durangaldeko eta Lea-Artibaiko bizilagunak diskriminatzea dakarrela azaldu dute.

'Crowdfunding' edo diru bilketa kanpaina abiatu zuen duela aste batzuk beraien ekintzak finantzatu ahal izateko. Momentuz, 324 euro batu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!