Kultura eta identitatik baino haratago

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko aza. 4a, 13:13

Batzuetan nahitaezkoa izaten da kanpora begiratzea konturatzeko esku artean zer daukagun. Askok eta askok argi daukagu zein zorionekoak garen euskara edukitze hutsagatik; hala ere, ez da txarra noizean behin gogoratzea eta horren gainean berba egitea. Horretara gatoz, beraz, gaurko honetan; hain zuzen ere, Rafael Yustek gure hizkuntzarekiko duen pertzepzioa zabaltzera.

Ezertan hasi aurretik: badakizue nor den Rafael Yuste? Madrilgo neurozientifikoa dugu, egun Columbiako Unibertsitatean katedratiko dabilena. Mundu mailan, zientifikorik esanguratsuenetariko bat da Yuste jauna, besteak beste, BRAIN egitasmoa asmatu zuelako (garuna mapeatzeko proiektua) eta horrekin Obamaren Administrazioaren onarpena irabazi zuelako.

Eta aurrekoa esanda, hurrengo galdera: eta zer uste duzue egiten duela gizon interesgarri honek igande arratsaldeetan? Bada, euskara ikasi New Yorkeko Euskal Etxean! Bai, jaun-andreok! Rafael Yustek oso gogoko du euskara, eta bere ustez, Europako eskola guztietan irakatsi beharko litzatekeen hizkuntza da zergati batzuengatik. Lehenengo eta behin, bizirik dirauen hizkuntza aurreindoeuropear bakarra delako, eta egia esan, ez da arrazoi makala; izan ere, horrek altxor bihurtzen du gurea. Era berean, egitura gramatikal zehatza zein oso zuzen komunikatzeko gaitasuna ere oso interesgarriak iruditzen zaizkio; ez dira ala?

Ea! Bukatzeko ere, galderatxoak: horrelako zenbat kasu ezagutzen dugu? Hau da, zenbatek ikasten du euskara berarekin inongo loturarik izan gabe? Lagunok, aprobetxa dezagun aukera, inork baino errazago dugu eta!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!