Katastroaren aldaketak kexa ugari eragin ditu arreta guneetan

Joseba Derteano/ Markel Onaindia 2016ko aza. 4a, 10:40

Aldundiak Durangoko Pinondon ipini du informazioa emateko bulegoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak higiezinen katastroa berrikusi du aurten, 40 urtez moldatu barik egon ostean. Etxeen balioa aldatuta, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) –IBI gaztelaniaz– eragin du, eta herritar askok orain arte baino dezente gehiago ordaindu behar dute hemendik aurrera. Herritarrengan kezka eta jakin-mina piztu du gaiak, eta asko eta asko dira instituzioetako arreta guneetara jo dutenak.

Aldundiak Durangoko Pinondo etxean zabaldu du informazioa emateko bulegoa. Zehazki, irailaren 12an ipini zuten martxan zerbitzua, eta abendu amaierara arte egoteko aurreikuspena egin dute. Bertako langile batek esan du gainezka daudela, eta hara joan gura duten herritarrentzat gomendioa dauka: zita aurretiaz hartzea komeni da, 946 125 500 telefonoan.

Otxandion, euren kabuz
Otxandion, ostera, euren kabuz hasi dira aholkua eskaintzen. Izan ere, Urtzi Armendariz alkatearen ustez, ez da serioa otxandiar bat Durangoraino joan behar izatea bere kasua aztertu dezaten: “Hori ez da administrazioa herritarrei gerturatzea”. Gura duten guztiak udaletxera joan daitezke euren kasuan sakontzera, eta “beharrik balego udalak tramitazioak egiten ere lagunduko lieke”.

Kontua da Otxandion 600 etxejabe baino gehiago daudela, eta udaletxean hiru lagun dituztela kasuak aztertzeko: “Udaletxea kolapsatu egin daitekeela onartzen dugu, baina nahiago dugu horrelako kontu inportanteei lehentasuna emanez herritarrei lagundu eta beste kontu batzuk atzeratzea”, azaldu du Armendarizek.

Udalak prozesuari ekarpenak egin ahal zizkiola uste du alkateak, baina Aldundiak ez diela kasurik egin salatu du: “Batzarrak eskatu genituen, baina gugaz ez zirela batzartuko adierazi ziguten. Udaletxetik egindako ekarpenei atea itxi izana oso txarto iruditzen zaigu”. Ondorioa da “akats handiak” egiten ari direla: “Adibide bat jartzearren, Otxandioko lur zati bat Ubidea barruan kokatu dute. Hori gertatu da gauzak arin eta txarto egin dituztelako”.

Katastroen eguneraketak zeresan handia eman du. Hori argi geratu zen joan zen eguaztenean, udalak kultur etxean egindako herri batzarrean. 200 lagunetik gora batu zen.

Azalpen publiko eske
Durangon, katastro aldaketaren inguruko informazioa ematea eskatu zuen Dani Maeztuk (EH Bildu) azken osoko bilkuran: “Azalpen publiko bat beharrezkoa dela uste dugu”. Adibidez, auzo zaharrenetako etxeetan igarriko dute zergaren igoera, Aramotzen, San Fauston edota Juan Itziarren. Gobernu taldearen partetik, igoeraren aurrean zailtasunak dituztenei lagundu egingo zaiela esan dute.

Abadiñoko kasuan ere, katastroaren aldaketaren kaltetuentzat diru-laguntza bat sortuko dutela iragarri du Jose Luis Navarro alkateak, nahiz eta oraindik horren diseinuan pausorik eman ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!