“Katu-familiako bi animalia ageri dira argi; lehoiak direla uste dugu”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 1a, 10:00
Andoni Iturbe, Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuburua.

Duela 14.000 urte inguruko historiaurreko grabatuak aurkitu dituzte Armintxeko koban (Lekeitio). Madeleine erdi aldiko grabatuak dira, kalitate handikoak, eta ikerketa proiektua zabalduko du Foru Aldundiak. Hala ere, teknologia berriak baliatuz, grabatu hauek eta Arte Paleolitoa duten Bizkaiko zortzi kobatako irudiak ikusteko aukera egongo da Bilboko Errekalde Aretoan, azaroaren 12tik urtarrilaren 17ra. Askondok (Mañaria) ere izango du bere espazioa. Hauen inguruan hitz egin du ANBOTOk Andoni Iturberekin (Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuburua).

Zenbateko garrantzia du Armintxe kobako aurkikuntzak?
Bizkaian lehenengo aldiz agertu diren motibo bereziak azaldu dira Armintxen. Erabilitako teknika ere ez da berria, baina bai berezia: izan ere, grabatuak diren arren, lehenengo begi-kolpean, pintura edo margolanen aurrean gaudela ematen du. Panelaren konposaketa, motibo eta animalien neurriak ere oso bereziak dira. Metro eta metro eta erdi inguruko figurak dira, eta, orain arte, 10-20 zentimetrokoak ikusi ditugu. Ikaragarria da aurrez aurre ikustea; gainera datorkizula dirudi. Kontserbazioari dagokionez, joan zen hilean egindako margoak dirudite.

Teknika aipatu duzu. Halakorik ez duzue ikusi orain arte?
Ikusi dugu, bai. Baina beste garai bateko grabatuetan, zaharragoetan —Enkarterrian daude batzuk, adibidez, duela 20.000 urtekoak—. Orduan, normalean, askoz sakonagoa izaten zen zuloa. Kasu honetan, hainbeste zulotu gabe, horma urratu egin dute gehiago, harri bategaz. Beraz, ematen du margo baten aurrean gaudela. Marka horien zabalera finagoa ere bada. Irudi denak daude teknika horregaz eginda, eta benetan bereziak dira. Dena den, badiot, orain arte ikusitakoak beste garai batekoak dira, ez Madeleine erdi aldikoak.

Kobaren sarreratik 50 metrora dauden margolanek animalien konposizio oso garrantzitsua dute. Tamainagatik ala irudikatutako animaliengatik?
Denagatik. Panel nagusian 25 irudi ageri dira: ezkerraldean, argi ikusten dira hainbat animalia; zaldiak batez ere. Eskuinalderantz joanda, berriz, halako nahaste-borrastea dirudiena ikusi daiteke; egiaz horrela ez dena. Artistak edo artistek oso ondo pentsatu zuten non grabatu animalia bakoitza: lehenengo begi- kolpean nahaskeria dirudien arren, astiro aztertuta oso ondo pentsatutako konposaketa da. Horregatik diot horretan ere nahiko berria eta ordenatua dela.

Zer erakutsi gura du horrek?
Gure ustez, lekuak baldintzatutako irudiak dira. Ganga antzerako bat da, eta artistaren edo artisten lana forma edo baldintza horietara moldatu da. Ez dugu uste kasualitatea denik. Artista baldintzatuta dago forma horregatik. Hala ere, aztertu beharreko teoria bat da.

Zaldiak aipatu dituzu, baina, lehoia ere ageri da, ezta?
Bai. Orain arte gure lurraldean ez dugu horrelakorik aurkitu. Katuaren familiako animalia bi oso argi ageri dira, eta uste dugu lehoiak direla. Oso ondo grabatua dago bat, detaile guztiagaz; oso argi ikusten da. Bigarren bat ere nahiko ondo ikus daiteke. Behekaldean ageri den hirugarren bat, aldiz, katuaren familiakoa den duda dago. Antza du, baina, sakonago aztertu beharko litzateke.

Kantauri isurialdeko leize batean lehenegoz azaldu da halakorik. Esanahi berezia du?
Oso arraroa da. Sorpresa izan da. Bisonteak, zaldiak... ikusi ditugu leizerik gehienetan. Aztertu egin beharko da zergatik agertu diren hemen, eta ez beste toki batzuetan. Katuaren familiakoak direla argi dago, eta, ziurrenik, lehoi batzuen aurrean gaude. Ikerketa bidea zabaldu da hor. Orain arte inguru honetan aurkitu ez diren zeinu klabiforme batzuk ere azaldu dira; Frantziako Pirinioan aurkitu direnak: baliteke kultura-kutxatzea deritzona ematea. Ikerlari eta aditu batzuen lan-ildo hori indartu dezake. Baina, datozen urteetan sakondu beharko da hori ere.

Ikerketak jarraituko du. Gehiago dagoela uste duzue?
Baiezkoan gaude. Historiaurreko katedraduna eta Arte Paleolitoan aditua den Cesar Gonzalezek ere aipatu du ezagututako Arte Paleolitoa kopuruz ez dela handia, baina logikak dio produkzioa askoz handiagoa izan beharko litzatekeela. Halako irudiak horma batera eraman aurretik, nonbait probak egingo zituzten. Gehiago egon beharko liratekeela uste dugu. Orain arteko emaitzak onak dira, baina ziurrenik gehiago dago. Ikusi behar topatzeko gai garen.

Gizakien arrastoak ere aurkitu daitezkeela uste duzue?
Kobara sartzeko zail dago, eta uste dugu jenderik ez dela sartu azken horma horietaraino. Teoria bat da. Hala ere, arkeologoen ustez, zoru hori ukitu gabe badago, baliteke elementu edo materialen batzuk agertzea, grabatuak hobeto ulertzen lagunduko luketenak. Aurreneko prospekzio bat egin da, eta datozen urteetan sakon aztertzea da asmoa.

2011n eta 2013an Mañariko Askondon aurkitutako margolanekin ez dute zerikusirik.
Ez. Kronologikoki zaharragoak dira, duela 25.000 urte ingurukoak. Pinturak dira, ez grabatuak, eta egikera aldetik gutxiago landutakoak dira.Estilo desberdinak ere badira.

Euskal Herriko Paleolito garaiko aztarnategi garrantzitsuenetariko bat da Askondo. Nola daude ikerketa hauek?
Ikerketa lanok ez dira inoiz bukatzen, eta horretan sakontzen ari gara. Askondon azterketa proiektu bat egin zen, eta lehen ondorioak argitaratuta daude, baina lanean jarraitzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!