Gerrako umeak omenduko dituzte Agurrik Gabeak ekitaldian, bihar

Jone Guenetxea 2016ko urr. 29a, 10:00

Gerrako umeen sufrimendua gogora ekarriko dute Agurrik Gabeak ekitaldian, bihar,  19:00etan, Plateruenean. Durango 1936 elkarteak azaldu duenez, “hemen gelditu ziren umeei zein erbestera joan zirenei omenaldi xume bat egitea da asmoa”.

Kristina Mardarasek gidatuko duen ekitaldian ume zirela Gerra Zibila lehen pertsonan bizi izan zuten hainbat lagunek beraien testigantza azalduko dute jendaurrean. Eskarne Aroma durangarra, Iñaki Gorritxategi berriztarra, Felix Arruti iurretarra eta Maria Igarza elorriarra izango dira umetan gerra zelan bizi izan zuten kontatuko dutenak. Laurogei urtetik gora pasatu diren arren, pertsona hauek gerraren akordua argi-argi dute memorian grabatuta.

Urtero legez, Tronperri dantza taldeak aurreskua eta lore-eskaintza ere egingo ditu. Horrez gainera, Bidane Txopiteak eta Jasone Turunbaik Agurrik Gabeak kantua abestuko dute. Abesti honen letra Unai Iturriaga bertsolariarena da, eta Ander Ertzillak musikatuta dago. “Abestia denok batera kantatzea gurako genuke”.

Udaberririk ankerrena
Jarraian, Unai Iturriagak eta Alex Sanvik sortutako Udaberririk ankerrena komikian oinarritutako antzezlana taularatuko du Karrika antzerki taldeak. Komiki honetan, 1937ko martxoaren 31n Durangon eta Elorrion gertatutako bonbardaketak azaltzen dira, bi umeren ikuspuntutik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!