“Durangaldean perretxiko espezie asko daude, arbola aniztasun handiagatik”

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2016ko urr. 28a, 09:30
Ezkerretik hasita, Plácido Iglesias, Ramon Martínez, Esteban Ruiz eta Joseba Ortiz de Zarate.

Hostoak jausten hasi dira, eguna laburtzen, gorputzak hozten... Udazkenean gaude, udatik negurako bidean. Batzuek, akaso, ez dute urtaro hau gustuko, baina beste hirurek lez, baditu bere berezitasunak ere. Udazken koloretan, basoan, magia sortzen da; hezetasuna lagun, arbolapetan perretxikoak irteten dira, etxe ugaritako jaki preziatuak.

Lehen euriteekin batera, asko eta asko dira basorako bidea hartzen dutenak, eskuan otzara dutela. Durangoko Errotari elkarteko kideak dira horietako batzuk, 16 urtez afizioa disfrutatzen eta erakusten dabiltzanak. “Duela 16 urte ez nekien rusula bat zer zen ere”, dio barrez Ramon Martinezek.

Durangaldea perretxikoak batzeko leku ona al da? Urkiola, Oiz... Badu erantzuna Plácido Iglesiasek: “Ez da kopuru masiborik irteten, Sorian lez, adibidez. Hemen, espezie asko daude, arbola aniztasun handia dagoelako”. Badu zerbait berezitik, beraz. Afizioa igo dela uste dute. “Igartzen da afizioa igo dela, batez ere interneteko foroetan-eta. Jubilatu asko ere badago orain, langabeak... Afizio polita da”.

Hori bai, perretxiko lar ez hartzea eskatu du Esteban Ruizek, naturan eta besteengan pentsatzeko: “Hazten direnean, hamarregaz bete duzu otzara. Txikiak hartuz gero, 50 behar dituzu otzara betetzeko”. Durangaldean ez ei dira ibiltzen perretxikoekin negozioa egiten dutenak. Hauxe da arazoa Ruizen iritziz: “Fama handia hartu du, eta diru asko mugitzen du. Basoa kaltetzen dute, guztia batzen dutelako”.

Errotariren aholkuak
Sarritan ez da jakiten hartutako perretxikoa zer den, edota jan ahal den ala ez. Zalantzak baztertzeko, herritarrek Errotarikoengana jo dezakete astelehenetan, 19:30ean, Intxaurrondon duten lokalera –Behargintzaren atzealdean–. Izan ere, informatzea ere bada elkartearen funtzio bat. “Batzuk beldurtuta etortzen dira asteburuan hartu dutenagaz”, esan du Joseba Ortiz de Zaratek. Iglesiasek jarraitu du: “Intoxikazio asko saihestu ditugu. Amanita muskariekin ere ikusi dut jendea!”.

Errotarin talde tekniko bat dago, perretxikoen azterketez arduratzen dena. Mikroskopio eta guzti egiten dituzte analisiak. Hemengo aholkularitzaz aparte, kanpokoa ere aztertzen dute. Iglesias da teknikarietako bat. “Kanariar irletan, munduan orain arte topatu bako perretxiko berri batzuk topatu ditugu; irletan berriak diren 200 mota, guztira. Gure aldizkarian argitaratzen ditugu aurkikuntzak”. Urtero kaleratzen duten aldizkariak izen ona dauka, Europan ere bai. Perretxikoen deskribapen zehatzak datoz aldizkari mardulean, eta amaierako orrietan Ortiz de Zarateren errezeta batzuk ere bai. Perretxikoak fideuan, olagarroagaz, sukalkian...

450 bazkide
Gaur egun 450 bazkide ditu Errotarik, horietako batzuk kanpokoak. Kanpoan duten erreferentzia hori hemen ere badute. Izan ere, hainbat elkarteri laguntzen diete, eta berbaldiak, ikastaroak, erakusketak eta antzerakoak antolatzen dituzte beste herrietan. Asteburu honetan, esaterako, Otxandion egongo da Ortiz de Zarate, bertako perretxikozaleei informazioa ematen. Zornotzan, Abadiñon eta Atxondon ere badaude mikologia taldeak. Elorrion erakusketa ipini zuten joan ze domekan.

Durangoko jaietan erakusketa burutu berri dute Errotarikoek, eta hurrengo hileetarako badute ekintzarik. Baina, orain udazkena da, perretxikoen magiaz gozatzeko sasoia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!