Ohiturak aldatu eta berez ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko urr. 21a, 15:35

Hasi baino ez da egin 2016-2017 ikasturtea; koadernoek, boligrafoek, karpetek eta garai honetan estreinatzen den material orok, beraz, oraindik ere dute usain berezi hori! Badakizue zein den, ezta? Berriarena esaten dena. Hainbat eta hainbati itzel gustatzen zaiguna. 

Eta galdetu diozue zuon buruari zer dela-eta gustatzen zaigun hainbeste? Geuk esango dizuegu: ilusioaren usaina ere badelako! Aprobetxa dezagun, bada, momentua gauzak egin behar diren moduan egiteko; hau da, ohitura onak hasieratik hartzeko. 

Ondo dakizuenez, hizkuntzak ikasten ditugunean, handia da gure kabuz egin beharreko lana, eta batzuetan arazoa izaten da zelan egin ez dakigula. Batek baino gehiagok pentsatuko du liburu artean egotea dela gakoa, eta sentitzen dugu, lagunok, baina hori pentsatzen duena txarto dabil. Gramatika inportantea da, jakina! Baina ez inoiz ahaztu hizkuntza, gure kasuan euskara, komunikatzeko tresna dela, eta ondorioz, testuinguru ezberdinetan trebatu behar gara.

Zelan trebatu? Bada, sarean zenbat gure baliabide badago, gaurko honetan hiru proposatuko dizkizuegu: 

  • Mintzanet: ez duzu inguruan, eskolan ez bada, euskaraz norekin hitz egin? Mintzanet-en izena eman eta hasi e-inguru euskalduna egiten! 
  • Eitb nahieran: bertan eitb-ko programazio guztia dugu eskura, irrati, zein telebistakoa. Topatu zuen gustuko zerbait eta “engantxatu”. 
  • Berriako iritzia: egunkariko atal honetan zenbait blogarik idatzitako testu laburrak topatuko ditugu. Interesgarria, hortaz, estilo ezberdin asko ikusteko. 

Ea! Egunero dena, beharbada, ezin izango dugu egin, egunak 24 ordu besterik ez dauka-eta. Baina,ondo antolatuz gero, egunero egin dezakegu zerbait. Ez dugu izango ordu erditxo bat egunean euskarari eskaintzeko? Badaukagu. Hasieran, kostatzen da, bai! Baina ohitura behin hartuta, beharra izango dugu. “Berba-lagunarekin lotu naiz!” “Zer gertatuko da gaurko atalean?” “Ea zer dioen nire begiko blogariak!” Konturatu orduko, horrelako esaldiak gure gureak izango dira, eta ekainean nabarmena izango da egindako lana! 

Ohitura onak hartu eta berez ikasi! 

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!