EAJ izan da indar bozkatuena Durangaldean

Anboto 2016ko ira. 26a, 00:19

Argazkiak: (Twitter: @maddaleniriarte / @eajpnv)

EAJk orain lau urte baino 722 bozka gehiago jaso ditu. Gainerako alderdiek behera egin dute.

Bizkaiko joerari jarraituz, Durangaldean ere EAJ izan da legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi bozkatuena 16.379 botorekin. Orain lau urte baino 722 bozka gehiago jaso dituzte jeltzaleek Durangaldean. Bizkaian emaitza onak izan dituzte jeltzaleek. Aurreko hauteskundeetan baino eserleku bi gehiago eskuratu dituzte.

EH Bilduk behera egin du Durangaldean. Legebiltzarrerako lehian aurreko hauteskundeetan baino 2.388 bozka gutxiago jaso dituzte. Bizkaian, bi eserleku gutxiago izango dituzte hurrengo legealdian. Hala ere, EAEn bigarren indarra da, 17 eserlekurekin.

Elkarrekin Ahal Dugu hirugarren indarra izan da Durangaldean, 4.833 botorekin. Bizkaian, 4 parlamentari izango ditu Pili Zabala buru duen alderdiak. 11 eserleku izango dituzte legebiltzarrean.

Hauteskunde hauetan, PSE-EEk orain lau urte baino 2.482 boto gutxiago eskuratu ditu (guztira 3.387 jaso ditu). EAEn ere jaitsiera nabarmena izan dute. Aurreko legealdian baino zazpi legebiltzarkide gutxiago izango dituzte.

PPri dagokionez, jasotako bozka kopuruak beheranzko joera izan duen arren, 9 legebiltzarkide izango ditu EAEn, aurreko legealdian baino bat gutxiago. Durangaldean, aurreko hauteskundeetan baino 536 bozka gutxiago jaso dituzte (2012an: 2.782 / 2016an: 2.246).

Beraz, Durangaldeko hainbat ordezkari izango dira legebiltzarrean. Alde batetik, Iñigo Urkullu eta David Latxaga jeltzaleak. Beste aldetik, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte EH Bilduko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!