Gaztedi Planak polemika sortu du EAJ eta EH Bilduren artean

Anboto 2016ko ira. 23a, 19:52

Amankomunazgoko bilkura, apirilean.
“Amankomunazgoak Gaztedi Planaren eta Enplegurako Orientazio Zerbitzuaren kudeaketan erakutsi duen gelditasuna” salatu du EAJk prentsa ohar bidez. EH Bilduk, ostera, "joko politikoa" ikusi du zerbitzuaren aldaketaren atzean.

EH Bilduren eta HEren gobernupean dago Amankomunazgoa, eta jeltzaleen ustez, “enplegua ez da bere lehentasunetako bat”. Aldundiak sustatzen duen plana Zornotzako Udalak gestionatuko du aurten, eta 107.000 euro bideratuko dituzte -%70 aldundiak eta beste %30a udalerriek-. 47.000 euro gazte ekintzailei Gizarte Segurantza ordaintzen laguntzeko izango dira, eta 60.000 eurogaz, gazteen arazo eta ardurak ikertuko dituzte.

Horrez gainera, langabeen orientaziorako Lanbidek ematen dituen 51.000 euro “ihes egiten” utzi ditu Amankomunazgoak, EAJren arabera.

"Joko politikoa"

Aitor Lopez presidenteak (EH Bildu) “joko politikoa” ikusi du gertatutakoaren atzean. Azaldu du, hasiera batean Aldundiak ez zuela aurreikusten aurten plana garatzea. Gero, otsailean jarrera aldatu eta batzar bat deitu zutela. Amankomunazgotik plana garatzeko prestutasuna erakutsi zuten Lopezen esanetan, baina uztailera arte ez zutela berririk eduki. “Dena lotu barik zegoen. Udal gehienak atxikitzea falta zen, tartean Durangokoa. Esan genuen ez geneukala ahalmenik, irailetik abendura hori ezin dela martxan jarri. Aldundiak beste eskualdeetan denboraz ipini du martxan plana; hemen zeren zain egon da?”.

Orduan, Aldundiak plana zatikatzea proposatu ei zien Zornotza eta Durangori, baina Lopezen arabera, Amankomunazgoari ez. “Proposamena adostuta zeukaten lehendik, Amankomunazgoa paretik kentzeko”. Lopezen ustetan, plana epe honetan egitea “txapuza” bat da, eta arazoak egongo direla aurreikusten du.

Orientazio zerbitzuari dagokionez, presidenteak esan du eskaria egin zutela, eta tramite akats bat eduki dutela. Baina, Lanbideren laguntza edukiko dutela eta zerbitzua emango dutela uste du. “Ez da egia laguntza galdu dela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!