Garraio publikoa Durangaldean: erabiltzaileen kexa abiapuntu, eta duintasuna helmuga

Anboto 2016ko ira. 9a, 09:31

Bere kokapen geografikoagatik, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako puntu estrategiko lez hartua izan da Durangaldea. Bilbo eta Donostia arteko bidean, eta hegoaldetik kostarako norabidean. Erdian dago. Ondorioz, trafiko handiko lurraldea da.  Baina, eskaintzen den garraio publikoaren zerbitzuak erantzuten al dio berezitasun horri?

Azken hileetan, bertako garraiobide batzuen inguruko zalaparta sozial eta politikoa sortu da, erabiltzaileen protestek eraginda. Herritarren presioak agintariak mugitu ditu, kasurik kasu emaitza desberdina izan bada ere. Kexak dituzte abiapuntu, eta duintasuna helmuga.

Gasteizera, autobusean
Durangaldetik Bilbora autobus ugari daude egunean zehar, baina Araba eta Gipuzkoa gertu edukita, ez da gauza bera gertatzen hango hiriburuetarako autobusekin. Durango eta Gasteiz lotzen dituen linea publiko bat dago, eta Donostiara joateko hori ere ez, herririk herri doan autobus bat eskaintzen du konpainia batek. Gasteizerako autobus-erabiltzaileek aspalditik kaleratu dituzte kexak, maiztasun urriagatik eta arazoengatik. Linearen ardura Arabako aldundiak dauka, baina erabiltzaile gehienak Durangaldekoak dira –Durangon, Izurtzan, Mañarian eta Otxandion geratzen da–.

Linea albiste izan da sarri: atzerapenak, matxuren erruz botata geratzea, autobusen egoera txarra... Horren aurrean, adibidez, 2013an martxa bat burutu zuten, herririk herri, eta 2014an 160 erabiltzaileren kexa aurkeztu zuten Durangoko Udalean.

Alsa enpresak kudeatzen du linea, eta 2015ean esleipena amaitu eta gero, adjudikazio berria ateratzekotan dago aldundi arabarra. Erabiltzaileek 400 alegazio egin dituzte. Azken moldaketa bati esker, egunean hiru zerbitzu gehiago eskaintzen ditu orain.

A-8an, 30 euroko muga
A-8 autobideko bidesariaren kexa ere ez da berria, baina urtarrilean gaiak eztanda egin zuen, urte berriagaz prezioak igotzean. Bidesariaren kontrako plataforma jaio zen. Bizkaian, autobideko ordainleku bakarrak –Hegoaldeko saihesbidekoa kenduta– Durangaldekoak direnez, diskriminatuta sentitzen direla salatu zuten.

Hileotan zehar, bidesariaren aurkako 16.000 sinaduratik gora batu dituzte, eta protestarako karabana bat ere egin zuten apirilean, 300 autogaz. Horrez gainera, udaletan mozioa aurkeztu zuten. Ekainean heldu zen Aldundiaren erantzuna: 2017tik aurrera, Bizkaiko ordainpeko errepideetan hileko 30 euroko muga bateratua ipiniko dela iragarri zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Beraz, A-8ko erabiltzaileek, Bizkaian, ez dute 30 eurotik gora ordaindu beharko hilean. Bidesariaren aurkako plataformak presioari eman zion erabakiaren meritua, baina hala ere, arazoa ez dela konpontzen uste dute, diskriminazioa dsagertzen ez dela iritzita.

Bestalde, Aldundiak zabaldu berri du A-8agaz lotzen den Gerediaga-Elorrio autobidea. Bidaiaren denbora laburtzen du, eta ohiko errepideetatik 12.000 auto ateratzea du helburu.

Trenean, igoerarik ez
Bilbora ia ordubete eta Donostiara ordu bi behar dituen trena pasatzen da Durangaldetik –obra atzeratuta duen AHTak denbora gutxiago beharko du, baina hemen ez dago geltokirik aurreikusita– . Berriz eta Zaldibarko makina bat herritar sutu egin ziren apirilean, Euskotreneko euren tarifa-eremuak aldatu zirela jakitean. Durangoko eremutik Eibarko gunera aldatu zituzten; ondorioz, Berriztik Durangora joatea Debara bidaiatzea baino karuagoa zen. Protesta lez, Berriz eta Durango arteko tren zatia ordaindu barik egin zuten. Udalak inplikatzea lortu zuten, eta, azkenean, eremuak bere horretan mantendu zituzten. Hori bai, igoera jasan zuten ekainaren 15era arte, orduan berrezarri zituen-eta Euskotrenek prezioak.

Nekane Rozas: “400 bat alegazio aurkeztu genituen, baina ez digute erantzun”

Nekane Rozasek hamar urte daramatza Durangotik Gasteizerako autobusa hartzen, lanera joateko. Ez du uste zerbitzu duina denik.

Durangotik Gasteizera bidaiatzen duzu lanera joateko. Zelako esperientzia eduki duzu?
Esperientzia txarra. Azkenaldian, egoera apur bat hobetu da; ez dakit etorkizuneko aldaketei begirakoa izango den. Baina azkeneko urteak desastre hutsa izan dira. Beti matxurak; autobus zaharrak; neguan ez dago berogailurik eta udan ez dago aire giroturik; autobus bat hondatzen bada, ordezkorik ez; gidari bat ez badago ordezkorik ez. Desastrea. Sarri autoa hartzera behartuta sentitu naiz.

Zerbitzu duina dela uste duzu?
Ez. Autobusak eraman eta ekarri egiten gaitu, eta momentuz ez da ezer larririk gertatu. Baina, gaur egungo zerbitzu publiko bat da? Bada, ez, ez dut uste.

Arabako linea bat da. Baina ardura ez al dago Bizkaiko Aldundiaren esku ere?
Denen esku. Durangoko Udalaren aldetik inplikazio gutxi ikusi izan dugu. Entzun dut zerbait badagoela martxan, baina momentuz inplikazioa urria izan da. Aldundia, berdin. Orain hiru aldundiak alderdi beraren esku daude, eta ez dakit horrek zerbait lagunduko ote duen. 400 bat alegazio aurkeztu genituen, baina ez digute erantzun.

Arazoa ez dago Durangon bakarrik...
Durangalde osotik Gasteizera joan gura baduzu, dagoen zerbitzu publiko bakarra da. Gainera, linea horrek Izurtza, Mañaria, Urkiola... ere zeharkatzen ditu. Urkiolako parke naturalerako garraiobide bakarra da.

Zer hobetu beharko litzateke?
Ordutegi zabalagoa, eta hobeto banatua egunean zehar. Ordutegi proposamen berria, adibidez,  arabarrei begirakoa dela uste dut. Zerbitzu batzuetan bidaia luzatuko liguke, Duranan eta Lukon sartuko delako, besteak beste. Autobusak berriztea ere beharrezkoa da. Orain autobus granate bat eta arrosa bat ipini dituzte; berriak dira guretzat, baina ez dira autobus berriak. Urkiolan ez dakit zenbat aldiz gelditu behar izan diren autobusak, berotzearen ondorioz.

 

Juan Karlos Poderoso: “Doakotasuna da helburua; izan ere, A-8a zergen bitartez ordaintzen dugu jada”

Urtarrilean sortu zen A-8ko bidesariaren kontrako plataformako kidea da Juan Karlos Poderoso. Bizkaiko Aldundiak aurkeztutako tarifa finkoaren aurrean, A-8a doakoa izan dadin eskatzen jarraitzen dute.  

Diskriminatzailea eta gehiegizkoa deritzozue A-8ko bidesariari.
Bai. Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrekiko diskriminazio argia da. Dirua batzea du helburu bakarra. Bizkaiko Aldundiak duela 13 urte amaitu zuen kontsezioa, eta ad hoc egindako lege bategaz ordainsaria kobratzen jarraitu zuten.

Tarifa finkoa aurkeztu du Bizkaiko Aldundiak A-8rako.
Bai, baina, ez dute argitu nola gauzatuko den. Gipuzkoako ereduari jarraitu diote. Egia da A-8a gehien erabiltzen dutenentzat onuragarria izango dela: 90-100 euro ordaintzetik 40 euro ordaintzera pasatuko dira. Hala ere, ordaintzen jarraitzen dugu, beraiek zein gainerakook. Beraz, diskriminatzaila izaten jarraitzen du. Doakotasuna da helburua; izan ere, A-8a zergen bidez ordaintzen dugu jada. Aipatzekoa da Gipuzkoan 112 kilometroko autobideagatik 28,80 euro ordaintzen dela; Bizkaian, 52 kilometrogatik 40. Egunean, 29.000 ibilgailugaz, A-8a gutxi erabilia dago. Interbiaken zuloa ordaintzen ari gara gu.

2017ko urtarrilean jarriko da indarrean tarifa finkoa, ezta?
Hori diote. Hala ere, argi dugu mobilizazioengatik aurkeztu dutela tarifa finko hori. Otsailean eskatu genuen, baita sustapen ekonomiarako ahaldun Imanol Pradalesegaz batzar bat ere. Oraindik erantzunaren zain gaude. Ez du ematen herri mugimenduek garrantzirik dutenik Aldundiarentzat.

A-8aren doakotasuna eskatzen jarraituko duzue?
Bai. Ez daukagu beste bizkaitarrek Bilbora autobidetik ordaindu gabe joateko duten eskubidea. N-634a da alternatiba, hirugarren mundukoa guztiz, eta Aldundiarentzat lehentasunik ez duena. Ireki berri da 300 milioi balio dituen Elorrio-Gerediaga autobidea — 12.000 ibilgailu hartuko ditu egunero—. Baina, egunean 23.000 hartzen dituen N-634an ez da inbertitzen. A-8an sartzeko dago planteatuta Elorrio-Gerediaga ere.

 

Alvaro Gutierrez: "Aurreko egoerara bueltatu bagara mobilizatu garelako izan da"

Ekainaren 15etik Durangaldeko herriak tarifikazio zonalde berean daude berriro. Berrizko eta Zaldibarko erabiltzaileek protestak egin zituzten, Euskotrenek herri biok beste zonalde batean sartu zituelako. Alvaro Gutierrez berriztarra zen horietako bat.

Berriz eta Zaldibar 4. zonaldean sartu ditu berriro Euskotrenek, Abadiño (Traña) eta Durangogaz. Protestek izan dute beren eragina, ezta?
Bai. Adin eta pentsakera askotariko jendea ibili gara, eta  aurreko egoerara bueltatu bagara mobilizatu garelako izan da. Berriz eta Zaldibar beste zonalde batean sartuta, garestiagoa zen Berriztik Durangora joatea, nahiz eta Barik txartelagaz merkeagoa izan. Horren aurrean, elkarretaratzea egin genuen 50 bat lagunek. Bertan erabaki genuen trena hartu eta Durangoko geltokian protesta egitea. Joan-etorria ez genuen ordaindu. Gure protesta azaleratu gura izan genuen horrela.

Berrizko eta Zaldibarko udalak ere inplikatu izan dira.
Aldaketaren zergatia argitzeko Euskotreneko zein Bizkaiko Garraio Partzuergoko arduradunengana jo zuten udalek. Euskotrenek arrazoitu zuen Aldundiak baduela lurraldea zonaldeka banatuta, eta garraio publiko osoa bateratzeko horretara egokitu zirela. Baina, Garraio Partzuergoak banaketa horri jarraitzea derrigorrezkoa ez dela esan zuen. Beraz, Euskotreni aurreko egoerara bueltatzea eskatu zitzaion.

Merkeago izan duzue Debara joatea, Abadiñora baino.
Hala da. Ez du zentzu askorik. Gainera, adibidez, Berrizen ez ditugun osasun zerbitzuetarako Durangora joatea dagokigu. Geltokian bertan ere nabarmen ikusten da: Bilborako trena hartzeko nasan askoz jende gehiago dago beti, Donostiarakoan baino. Euskotrenek ere jakin behar du hori, zenbat bidaiari doazen batera edo bestera. Bizkaibusek ere hartu beharko luke kontuan hori.

Ez da horrela?
Berriztik merkeago dugu Ondarroara edo Lekeitiora joatea, Traña-Matienara baino. Durango dagoen zonaldean egotea litzateke logikoena. Durangaldeagaz dugu guk lotura naturala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!