Río de Oroko hiru ume sahararrek Loiun pasa dute gaua, Tindufera bidean

Anboto 2016ko ira. 1a, 10:38

Atzo, bi hegalditan etxera itzultzeko asmoa zuten Río de Oro elkarteagaz Durangaldean uda pasa duten bederatzi ume sahararrek. Lehenengo hegaldian sei ume etxera itzuli ziren. Bigarren hegaldia bertan behera gelditu zen, beraz, beste hiru umeek Loiuko kiroldegian pasa behar izan dute gaua.

Bizkaiko Gurutze Gorriak Loiuko kiroldegian berehala egokitu zuen atzo, hegaldi gabe gelditu ziren 143 ume sahararrentzako kanpaleku inprobisatua. Río de Oro elkarteko kideek azaldu dutenez, gaur 13:00etako hegaldian, hiru ume hauek errefuxiatu kanpalekura itzultzeko asmoa dute.

 

Aurten 6-11 urte arteko bederatzi ume saharar etorri dira Izurtzara Río de Oro elkarteagaz, aurreikusitakoa baino bi gutxiago: “Baten gurasoek atzera egin dute azken unean. Guraso batzuei kosta egiten zaie hile bian seme-alabei joaten uztea. Azken batean, gu ezezagunak gara eurentzat, eta ezgaitasunen bat duten umeak dira. Abenduan baietz esan ziguten, baina azken unean beldurra-edo sartu zaie, eta ezetz erabaki dute. Bigarren gazteak, berriz, Mauritaniara joan behar izan du azken orduan gurasoekin”.

Azken hori taldeko beteranoena zen. Orain Mohamed Yahya-k hartu dio lekukoa. Aurten hirugarrenez etorri da 2014an bihotzeko ebakuntza egin zioten gaztea: “Aste bi barru du hitzordua kardiologoagaz, baina ederto etorri da, pozik eta saltoka”. Aurten hiru ume berriak dira, aurretik etorri gabekoak. Den-denei mediku azterketak egingo dizkiete.

Sahararrak Axpen

Era berean, Hamadako Izarrak elkartearen bidez 15 ume saharar Axpeko aterpetxean egon dira hile bitan. Ume horiek guztiak Tindufera lehenengo hegaldian joan zirela baieztatu dute elkarteko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!