Paristik datorren artista da Cyril

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko abu. 26a, 11:22

Zer dela-eta euskara?

Ba, esan behar dut hizkuntzazalea txikitatik naizela; eta hizkuntzak ez ezik,
kultura-aniztasuna ere biziki gustatzen zaidala. Beraz, uste dut horiek
nahiko izango zirela euskarari heltzeko. Hala ere, badut beste arrazoi bat
sentimentala dena eta jarraian kontatuko dizudana. Amonarekin oso harreman
estua izan nuen. Gurasoen etxearen alboan bizi zen, eta asko maite genuen
elkar.
Nerabea nintzela, hain zuzen ere, 14 urte nituelarik, hil egin zen, eta
niretzat oso galera gogorra izan zen. Sentitzen nuen ordezkoa behar nuela,
baina argi neukan ez zela lan erraza izango. Garai hartan, nire
lehengusu-lehengusinen amonak gonbidatu ninduen berera ilobekin batera
negu-oporrak pasatzera, Donibane-Garazira, alegia.
Hasi nintzen joaten, eta urteroko ohitura bihurtu zen. Oso gustura joaten
nintzen, besteak beste, amonarekin ederki moldatzen nintzelako. Amamaren
ordezkoa topa nuen, hortaz, eta andrea euskalduna zen. Euskaraz ikasitako
lehenengo berbak berak irakatsi zizkidan : ardoa, ogia, mila esker...
Nahikoak eurak grina pizteko.

Nola ikasi duzu euskara?

Donibanen bertan dagoen liburu-denda batera joan, eta autoikaskuntzarako
liburua erosi nuen. Lehenengo mailak, hau da, oinarria nire kasa ikasi nuen.
Handik urte batzuetara, Alemanian ikasle nintzelarik,iragarki bat ikusi nuen
Hamburgoko unibertsitatean. Iragarki asko eta asko zeuden. Eskuz
marraztutako ikurrina izan zen arreta piztu zidana. Neska nafar batek
gaztelania eta euskara klase partikularrak eskaintzen zituen. Berehala jarri
nintzen harremanetan berarekin, eta ikasturte osoan, astean behin elkartzen
ginen unibertsitateko taberna batean euskara elkarrekin lantzeko.
Handik bi urtera, Alemaniako beste unibertsitate batean ibili nintzen ikasle,
eta han nik egin nuen iragarkia, ikurrina eta guzti. Baita asmatu ere.
Alemana ikasten ari zen mutil bizkaitar batek deitu zidan...
Frantziara itzulita, Burdeoseko unibertsitatean bazkaltzen ari nintzelarik,
ondokoak euskaraz ari zirela konturatu nintzen. Neure burua aurkeztu nuen,
euskararekiko interesa jakinarazi nien, eta Urepeleko barnetegira joateko
aholkua eman zidaten. 1998an izan zen, eta orduz geroztik, urtero etortzen naiz
Euskal Herrira barnetegi batera. 20 bat bider egonda nago.

Benetan harrigarria. Eta irakasle, zelan hasi zinen?

2001eko udazkenean, Pariseko Euskal Etxearen berri izan nuen, eta zelan  ez,
joan egin nintzen. Hasiera batean, ikasten aritu nintzen, baina bat-batean, irakasle baten beharra zutela esan zidaten, eta baietza eman nien. Ikasten jarraitzeko aukera itzela izan zen niretzat, ikasleei ahalik eta ondoen azaltze aldera, oso ondo ulertu behar nuen den-dena, eta horrek, ezbairik ez, asko lagundu zidan.

Eta zein motatako ikasleak dituzu?

Gehien bat, Iparraldekoak dira; aspaldi Parisen daudenak eta, horren ondorioz, euskara galdu dutenak. Horien helburua oso argia da: hizkuntza berreskuratzea. Bestalde, hizkuntzak gustuko dituen jendea ere badago; dakizuenez, euskarak asko harritzen ditu horrelakoak, hizkuntza berezia da-eta. 

Euskal Herriko hainbat barnetegi ezagutzen dituzu, baina aurten gurea
aukeratu duzu. Zergatik?

1998tik 2003ra AEK-ren hamar bat barnetegitan ibili nintzen, hala nola,
Aulestin, Arantzan, Lesakan, Adunan, Ondarroan...
2003an, Bilboko Ulibarri euskaltegiak kudeatzen duen barnetegian ibili
nintzen, Arantzazun, hain zuzen ere. Hainbeste gustatu zitzaidan kokapena,
hain ondo moldatu nintzen irakaslearekin, non zortzi aldiz ikasi nuen han
goian.
Aurten, Zornotzako barnetegiari buruzko liburuxka aurkitu nuen Pariseko
Euskal Etxean, eta oso erakargarria egin zitzaidan. Zerbait berria
ezagutzeko gogoa nuenez, hona etortzea erabaki nuen.

Eta zer iruditu zaizu?

Oso pozik nago. Etxea oso ondo dago, giroa aparta da, ikasleak oso motibatuta daude eta irakasleak ezin hobeak dira. Kanpo ekintzei eskainitako tartea ere asko gustatu zait; irakasle moduan, uste dut hizkuntza gelatik ateratzea ezinbestekoa dela, hizkuntzaz gozatzen eta ondo pasatzen irakatsi eta ikasi beharra dago. Halaber, azpimarratu nahi nuke Barnetegiak emandako erraztasuna: ni begetarianoa naiz, eta aurreneko eguneko goizean esanda, nahikoa izan zen arazorik ez izateko. Hori eskertzekoa da. 

Eta bukatzeko, Cyril, elkarrizketaren izenburuarekin lotuta, jakin dugu
ipuinak idazten dituzula frantsesez, alemanez eta euskaraz, eta proposamena
egin nahiko genizuke : gure blogerako sarrera idatziko zenuke?

Bai, gustura idatzi ere.

Ederto, Cyril! Laster arte, orduan! Plazerra izan da zeu berton izatea. Mila esker zure hitzengatik!

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!