"Azken katebegia da komertzioa, eta askok ezin izan diote eutsi"

Anboto 2016ko uzt. 24a, 10:00

Dendak Bai merkatari elkarteko presidente berria da Alex Palacios. Guillermo Oarbeaskoaren lekukoa hartu du duela hilabete eskas. Krisi ekonomikoak eta kontsumo ohiturek kalte egin dutela dio berak, baina tokiko komertzio txikian erosteko ohitura bueltatzen ari dela uste du. ‘1 + izan nahi dugu’ kanpaina abiatu berri dute bazkide gehiago lortzeko. Egun, 165 bazkide dira.

Nola hartu duzu ardura berri hori?
Presidentea elkartearen aurpegia da kanpora begira, eta hor igarriko dut aldaketa. Baina, antzera batean jardungo dugu, eta errespetu pixka bat eman arren, ondo hartu dut ardura. Orain arte lez, erabakiak zuzendaritza batzordeak hartuko ditu. Zentzu horretan ez dago aldaketarik. Guillermo Oarbeaskoak 16 urte egin ditu presidente lez —betidanik egon da zuzendaritza batzordean—, eta denbora bat da lekukoa eman gura zuela. Azkenean, nik hartu dut. Bederatzi urte daramatzat nik ere zuzendaritza batzordean.

Zuzendaritza batzordean ere egin dituzue aldaketak.
Bai. Batzuek utzi egin dute eta berriak sartu dira. Baina, horrez gain, ordezkari kopurua gehitu dugu, gremio gehiago batze aldera. Ekintzak antolatzea, komertzioa dinamizatzea... batez ere, horretan datza gure lana, eta, zenbat eta ideia eta ekarpen gehiago jaso, orduan eta hobeto. Zuzendaritzan gremio gehiago badaude ordezkatuta, hobeto helduko gara komertzio mota guztietara. Izan ere, batzuetan, eta konturatu gabe, komertzio mota batera, ostalaritzara... jo dugu beti, beste batzuk albo batean utziz. Durangoko merkataritza-sarea hobeto islatuko  dugu.

Nola ikusten duzu tokiko komertzio txikien egoera?
Datuen arabera, urtean 10-20 komertzio ixten dira Durangon. Egia da hainbat komertzio itxi dituztela, baina, aldi berean, beste hainbat zabaldu dira. Hainbat faktorek eragin dute egoera honetan: saltoki handiak zabaltzeak komertzio txikiak ixtea ekarri du; eta herriguneetako dendek, neurri batean, erakargarritasuna galdu dute: aukera gutxiago dagoela-eta, kanpora doa jendea erostera, saltoki handietara asko. Apur bat gainbeheran doaz komertzio txikiak. Krisi ekonomikoak ere izan du eragina. Gainera, dirua heltzen ikusten azkena da komertzioa. Enpresak hasten dira lehenengo suspertzen, eta langileak kontratatzen dituzte. Diru apur bat gehiago ikusita hasten da kontsumitzen jendartea. Nahi izan arren, azken katebegia da komertzioa, eta askok ezin izan diote eutsi, hain doa luze krisia... Gaur egun, inor ez da aberasten komertzio bategaz. Bizirauteko baino ez da.

Hala ere, komertzio berri asko zabaltzen dira, ezta?
Egia da, baina batzuek ez dute asko irauten. Baliteke epe oso laburrerako ikuskera izatea, ez dute aurreikusi hasierako urteak ez direla onak izango. Baina, komertzio berri bat zabaltzeak azterketa bat,  koltxoi ekonomiko bat eskatzen du. Badira iraungipen-data dutenak ere bai: urrea erosteko dendak, adibidez. Inbertsio handia eskatzen ez duten frutategi edo ile-apaindegiak ere zabaldu dira, edo modernoagoak diren denda bereziagoak.

Espezializaziorako joera dago?
Bai. Bide horretatik joan behar du merkataritzak: zerbaitetan espezializatu eta hori ondo eskaini. Merkataritza elkarteko bazkide izateak lagundu diezazuke horretan: diru-laguntzen inguruko aholkularitza jaso zenezake, adibidez. Elkarte batera batzeak hainbat abantaila ditu. Bide horretan abiatu dugu orain  ‘1 + izan nahi dugu’ bazkidetza kanpaina.

Abadiñon saltoki handi bi jartzeko aurrerapausoak eman dira asteon bertan. Zer deritzozue horri?
Duten eraginaz jabetzeko adibideak baditugu. Bada komertzio txikia hil egin den herririk. Horixe gertatu zen Barakaldon bertan, eta orain ematen du herria berpizten ari dela apurka-apurka. Herriak, kaleak, inor gabe geratu izan dira. Komertziorik ez badago ez dago bizitzarik, eta herriak bizirik mantendu behar direla uste dugu. Ez gaude lehiaren kontra, baina ezin dena egin da legedia aldatu norbaiti mesede egiteko. Inor badator, indarrean dagoen legediari egokitu beharko zaio, besteok egiten dugun lez. Indarrak batu gura ditugu Abadiñoko merkatariekin ere horri denari buelta emateko.

San Fausto auzoko azken denda itxi berri dute. Auzoak husten ari dira.
Bai. San Inazio auzunean ere gertatu da.  Komertzioak itxi edo lekuz aldatu dira. Bestelako komertziorik, balio komertziala ematen dizunik ez badago, ixtera edo lekuz aldatzera behartuta zaude. Durangon komertzio guztia Alde Zaharrean eta inguruko kaleetan ari da batzen. Neurriak hartu daitezke hori ez gertatzeko. Adibidez, saltoki handien aurrean edozer gauza egiten ez utzita.

Black Friday, Gau Irekia... antolatzen dituzue komertzioa sustatzeko. Irailaren 30ean desfilea egingo duzue, ezta?
Bai. Horretan ari gara. Denetarik erakutsiko duen desfilea izango da, ez arropa bakarrik. Zerbait berezia egin gura da, paper-denda batek eta liburu-denda batek ere parte hartuko dute. Andra Marian egin gura dugu, eta modelo izateko castinga egin dugu Durangon; 70 bat lagunek parte hartu dute. Oso ondo joan da.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
Tokiko komertzio txikian erosteko ohitura bueltatuko dela uste dut, hori espero dut. Kontzientziatuago gaude. Berria den guztiak erakartzen gaitu, baina, gerora zerbitzua ona ez bada, erantzun ezean... eragina du eroslearengan. Zerbitzua baloratzen dugu. Zerbitzu on bat nahi dugu, eta hori komertzio txikiak ematen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!