Folk ukitu nabarmenagoa zuten John Berkhouten 2013ko lehenengo diskoko kantek, eta elektronikak pisu handiagoa hartu du Bloo mind lan berrian. “Egia da lehenengo diskotik hona aldaketa nabaria dela”, dio Goñik: “Folk akustikoa zen nagusi lehenengo diskoan, eta honetan sinteak, gitarra elektrikoak, bateriak eta baxuak presentzia handiagoa dute: erritmo gehiagoko diskoa da hau”.
Taldearen izenburu beragaz kaleratu zuten lehenengo diskoa aurkeztera ere etorri zen John Berkhout taldea Berrizera. Diskoa aurkezteko eman zituzten kontzertuetatik lehenengotarikoa izan zen 2014ko urtarrileko Berrizko kultur etxekoa.
Warner Music ekoiztetxeagaz kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta autoekoizpena da berria. Asebeteta daude taldearen ibilbideagaz: “Lehenengo diskoa atera genuenetik kritikari eta komunikabide askoren balorazio positiboak jaso ditugu, eta kontzertu pila bat eskaini ahal izan dugu”, dio Goñik.
Bilboko BBK Live jaialdian jo zuten. “Primeran pasatu genuen BBK Liven: jende asko egon zen entzuten”, adierazi du Goñik. Pasadan barikuan, Biarritzeko Big Festival-en aritu ziren, The Prodigy taldearen aurretik, hain zuzen ere. “Guk egiten dugunagaz konparatuta estilo oso desberdineko musika da The Prodigyrena, baina egia da rockeroetatik hasi eta hip-hoperoetaraino, jende asko erakartzen duela, eta ilusioa egiten digu”. Lehenengo diskoa ere aurkeztu zuten Biarritzen. Neil Young-en aurretik jo zuten orduan.