"Plazerra zabala eta sakona da, baina mugatuta bizi dugu"

Anboto 2016ko uzt. 5a, 11:45

Ekainaren 28aren bueltan, solasaldia burutu zuten pasadan astelehenean Plateruenean, Miren Amuriza gidari zela. Bilgune Feministako Mireia Delgadok eta ume transexualen elkarteko (Chrysallis) Bea Severrek berba egin zuten. 6 urteko seme transexuala du Severrek.

Solasaldia gidatzeko ardura eduki zenuen, Miren. Zelan?
Egunero gabiltza gai honen bueltan, baina zortea da bueltan barik barruan dabilen jende bategaz landu ahal izatea. Aberasgarria izan zen. Horrelako lanak eskatzeak, gainera, zu ere ikastera behartzen zaitu.

Arau lez ulertzen denaren inguruan hausnartu zenuten.
Heteroarauak egunerokotasunean zenbateraino eragiten duen azaldu, eta plazerraren irakurketa bat egin genuen, tresna moduan ulertuta. Zertarako? Desobeditzeko eta arrakalak zabaltzeko.

Mireia, Bilgune Feministatik gida bat zabaltzen zabiltzate, heteroaraua desobeditzeko.
Gidaren helburu nagusia hain handia den munstroa arrakalatzeko estrategia zehatzak ematea da. Gainera, nik esan behar dut zer egin behar duzun heteroaraua apurtzeko? Norberaren iraultzak dira. Adibide txikiak datoz gidan: beste batek hanka artean duena kontuan hartu barik, ligatzeko gogoa edukiz gero berarengana hurreratzea, genitalak zentralitate moduan hartu beharrean gorputzeko beste edozein ataletan zentratzea, normalean gustatzen ez zaidanean zerbait erakargarria topatzen saiatzea, hilekoa duzula sexua praktikatzea...

Plazerra tresna lez proposatzen duzue ezarritako ereduei aurre egiteko, ezta?
Plazerra esparru zabal eta sakona da, baina orokorrean mugatuta bizi dugu. Plazerra ematen diguna oso lotuta dago ongiarekin eta gaizkiarekin. Beraz, plazerrari buelta emanez, heteroaraua bera iraultzen dugu. Isilpeko gerra sakona da heteroarauarena. Gauza bat da heterosexualitatea praktikatzea, eta beste bat arau lez ulertzea. Gure desioak irudi batzuen arabera proiektatzen ditugu, eta hori ondo ikusten da, adibidez, perfumeen iragarkiekin. Oso politikoa da, eta interes asko daude horren atzean.

Bea, seme transexualagaz izandako esperientzia kontatu zenuen.
Alaba genuela uste genuen guk. Hitz egin aurretik jada seinale batzuk ematen hasi zen, eta beti beste joera bat ikusten genion, nahiz eta arrunta izan ahal den. Baina berba egiten hasi zenean, seinaleak ugaritu ziren. Egun batean, bost urterekin, oheratzean eztanda egin eta negar batean hasi zen. Esaten zidan ea ez ote nuen ikusten bera mutila zela. Umeentzat liberazioa da, baina guretzat oso gogorra.Ikastolakoei esan behar diezu gero, bizilagunari, dendariari... baina umeak zoriontsuak dira, eta merezi du. Nerabezaroa, baina, ez da erraza izango. Bestalde, zure semea panpinekin jolastu arren ez du esan gura transexuala denik, eta elkartera etorri izan diren guraso batzuek hori uste dute. Garrantzitsuena, beti, umeari entzutea da.  

Transexualitatea genitalen ebakuntzagaz lotu izan da. Ez du zertan horrela izan, ezta?
Kasu gehienetan ez da ebakuntzarik egiten. Gizon transexualen kasuan, batez ere, gutxik egiten dute ebakuntza, klitoriaren sentsibilitatea galtzen duzulako, funtzionala izango ez den zakil baten ordez. Lehen bai; 18 urte izateaz gain, urte biko tratamendu psikiatrikoa eta ebakuntza eskatzen zuten nortasuna aldatzeko. Nire semeak 18 urte betetzen dituenean, bere erabakia izango da, eta bere ondoan egongo naiz. Baina uste eta espero dut ez duela ebakuntza egingo. Alderantziz balitz, ez nuke gura silikonazko titiak ipintzerik, adibidez. Gure umeen gorputzak ez dira okerrak, gure begirada da okerra. Badira bulba duten mutilak, eta zakila duten neskak ere bai. Nire semea, gaur egun, mutilen aldagelan egoten da arazorik barik.

Gurasoei borroka egitea eskatzen dizue...
Ukatu izan zaien transexualen artean, ia %43ko suizidio saiakera tasa egon da. Pentsatzen duzu zurea ezin dela egon tarte horretan. Oztopo burokratikoak dituzte izen aldaketarako, agirietako sexu izendapena dago... Azalpenak eman behar dituzu euren intimitatea urratuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!