Erresuma Batua: lurrikararen osteko iritzi eta sentimenduak

Anboto 2016ko uzt. 1a, 10:10

Erresuma Batua Europar Batasunetik irtengo da. Herritarren gehiengoak horrela erabaki du. Erresuma Batuaren batasuna bera kolokan jartzen al du hautu horrek? Eta Europar Batasunaren proiektua domino efektuaren atarian ote dago? Erabaki historiko batek uzten dituen galdera konplikatuak dira.

“Oro har, Erresuma Batuan barne, ez dut uste komunitate historikoaren kontzeptua zalantzan jartzen denik”, dio analisi politikorako EKAI Center Fundazioko presidentea den Adrian Zelaiak: “Zalantzan jartzen dena aurrera eraman diren politikak eta hartzen diren erabakiak dira”. Brexit-ak eragin duen zurrunbiloa Europako proiektua berregituratzeko baliatu daitekeela uste du: “Arriskua aukera estrategikoa bihurtu daiteke. Izan ere, Erresuma Batuak Europar Batasunean izan duen jarrera oztopo estrategiko bat izan da hainbat urtetan”. Hori bai, mehatxu ekonomiko eta instituzionalari aurre egiteko “erabaki bizkorrak” hartu behar direla uste du: “Portugalen, Italian, Grezian, Frantzian eta Alemanian, esaterako, badaude Europako Batasuna ezbaian jartzen duten eskuma edo ezkerreko mugimendu indartsuak”.

Eta Brexit-ak zein egoeratan uzten du Erresuma Batua? Askok eskatzen duten lez erreferenduma errepikatzea zaila da Zelaiaren ustez: “Teorian posible da, baina hori gauzatzea gogorra litzateke, auskalo zer mailatako barne zatiketa gaindiezina eragingo lukeen”.

Horiek aditu baten iritziak dira, baina britainiarren sentipenak ere jaso gura izan ditugu. Batetik, Durangaldean bizi diren ingeles bik euren sorterrian gertatu denari buruzko iritzia elkarbanatu dute; Erresuma Batuan bizi diren Durangaldeko lagun bik, berriz, han ikusi eta bizitakoa kontatu digute.

Sarai Macarro: "Ingelesek hartutako erabakiagaz eskoziarrek kaltetuta ikusten dute beraien burua"

2014ko urrian Sarai Macarro (Berriz, 1991) Eskoziara joan zen bizitzera. Gehien motibatu zuen arrazoia ingelesa ikastea izan zen. Lagun batek Edinburgo hiria gomendatu zion, eta, maleta eskuan hartuta, bertara joan zen lan bila. Egoitza batean bizi diren eta aniztasun funtzionala duten pertsonei egunerokotasunean laguntza eskaintzen dihardu lanean.

Brexit-a dela eta, zein sentsazio nabaritu duzu Eskozian zure inguruan bizi diren pertsonen artean?
Ezjakintasuna antzematen da, beldurra. Ingelesek hartutako erabakiagaz berriz ere kaltetuta ikusten dute beraien burua. Ez dakit zein puntutaraino diren egoerarekiko kontziente eskoziarrak, baina badirudi ez daudela egoeragaz ados. Iruditzen zait herrialdeak ez zekiela erreferenduma atzerritarren aurka edo Erresuma Batua Europatik kanpo ikusteko erabaki bat zen. Kanpaina osoa, gehienak bezala, beldurgarria izan da. Ingalaterran eta Galesen kasuan, esango nuke txantxa urrunegi joan dela oraingoan. Ipar Irlandaren kasua, aldiz, guztiz desberdina da, eta egoera zailagoa da Irlanda batu bat sortzeko bidean.

Brexit-aren eraginez Eskozian independentismoa indartu egin dela esango zenuke?
Bai, eta badirudi beste erreferendum bat egingo dela. Hala ere, ez dakit momentuko egoeraren berotasunak eta beldurrak eragindakoa edo independentzia beraren nahia den. Eskoziarentzat Europatik banatze honek bere ondorioak izango ditu, eta, batek daki, agian ohitu eta eroso sentituko dira hilabete batzuk barru.

Etorkin moduan, zure egoerari zelan eragin diezaioke?
Aspalditik hasi ziren atzerritarren kontrako neurriak hartzen Erresuma Batuan. Orain ez dakit zer datorren. Ez dakit honi erantzun diezaiokeen politikaririk egongo den. Goiz da egia berriak sortzeko. Egoera lasaitu arte  ez dut uste neurririk hartuko dutenik etorkinentzat. Hala ere, argi daukat herrialde honek etorkinak behar dituela, eta ahaztu badute ere, atzerritarrok ere egunero egiten dugu lan herrialde honen alde, eskoziar eta ingelesekin batera. Ez dut indar horietako bat gabe Erresuma Batua irudikatzen.

 

Ane Barrainkua: "Zientzian dihardutenek badakite Brexitak ikerketen finantziazioan eragina izango dutela"

Ane Barrainkua (Elorrio, 1986) orain hiru urte Erresuma Batura joan zen, Londresera, hain zuzen. Ingeniari kimiko moduan dabil. Bere inguruko lankideek ez dutela Brexita ulertzen azaldu du. Ikerketan diharduten zientzialariei eta enpresei eragingo diela dio.

Brexita dela eta, zein sentsazio nabaritu duzu zure inguruan?
Jenderik gehiena triste dago, ez dakigu orain zer gertatuko den. Gehienbat, Brexitaren alde bozkatu duten gutxik arrazismoaren inguruan egin baitute, eta hori kalean eta aldizkarietan ikusten hasi gara.

Zure inguruan jendeak zer dio?
Lagun eta lankiderik gehienek ez dute ondo hartu. Ulertzen dute zelan batez ere Londresen, Europaren barruan jarraitzeak ekartzen dituen abantailak. Adibide gisa, nire lagun pare batek zientzia arloan lan egiten dute. Badakite Brexitak ikerketaren finantziazioan izango duela eragina, eta zientzialarien mugimenduan Europan ere bai.

Etorkin moduan, zure egoerari zelan eragin diezaioke Brexitak?
Brexitaren ondorioa ekonomikoa eta politikoa izango da, honek enpresa askotan izango du eragina. Ondorioz, enpresen estrategiak aldatu egingo dira, bai Londresen eta baita Erresuma Batuan ere. Baina, oraindik oso goiz da Brexitaren ondorioaren egoera jakiteko. Europarekiko negoziazioak aurrera doazen heinean, ideia gehiago edukiko dugu.

Etorkinekiko zein jarrera nabaritu duzu?
Espero dut orain nabaritzen den banaketa amaitzea.

Zein sektoretan diharduzu lanean?
Ingeniari kimiko gisa nago Zertifikazio enpresa batean.
Bertan gelditzeko asmoa duzu?
Oraingoz baietz esango nuke, Londresen bizitzeak abaintaila asko ditu, hirian gauza mordoa daude egiteko. Era berean, hainbeste arraza eta kultura desberdinekin bizitzea asko gustatzen zaidala aitortu behar dut.

 

Joseba Attard: "Erreferendumean parte hartzeko eskaera egin nuen, baina ez zitzaidan paperik heldu"

Joseba Attard elorriarra Cheltnamen (Ingalaterra) jaio zen, 1979an. Diseinuan egin izan du lan, eta gaur egun ardiak mozten ditu.

Erreferendumean parte hartzeko aukerarik eduki duzu?
Batez ere euskalduna sentitzen naizen arren, ni han jaio nintzen, eta pasaporte britainiarra daukat. Bikotekideak eta biok erreferendumean parte hartzeko eskaera egin genuen, baina berari bakarrik heldu zitzaizkion paperak, niri ez. Jende gehiagori ere berdina gertatu zaiola entzun dut.

Zer iruditu zaizu emaitza?
Ulertzen dut zergatik egin duten Brexitaren alde, baina ez nago ados. Jende nagusiak bozkatu du Brexitaren alde. Eurek Europar Batasunean sartu aurreko Britainia Handia ezagutu zuten, eta, horregatik, nortasun kontu bat da. Nortasuna berreskuratu gura dute: Erregina, inperioa, Europako lidertza... Jarrera arrazista zabaldu da kanpainan. Baina, azken 40 urteetan asko aldatu da egoera nortasun ikuspegitik. Gizartea oso multikulturala da, eta gaur egungo Estatua denok eraiki dugu. Adibide lez, janari tipikoetako bat pasta da, bolognar erara. Bestalde, emaitzarena aipagarria da. %52 agertu dira alde, eta %48 aurka. Oso parekoa izan da; biztanleen erdiek ez dute Brexitaren alde bozkatu. Irlanda asko maitatzen dudan herrialdea da; lan handia egin dute mugak kentzeko, eta berriro ezarri gura dituzte.

Europar Batasunetik irteteak zure egoera pertsonalean eragingo duela uste duzu?
Naziotasun britainiarra daukat bakarrik. Ezin dut hemengoa eduki, Britainia Handiak eta Espainiak ez daukatelako hitzarmenik. Independentzia aldarrikatuko balitz Euskal Herrian, naziotasuna eskatzeko lerroan lehena izango nintzateke. Baliteke oztopo gehiago sortzea: gidatzeko baimena berriro atera beharra, Osakidetzaren zerbitzua ordaintzea... Gure kasuan autonomoak gara biok, eta bisa lortzea zailagoa izan ahal da.

Europarra sentitzen zara?
Euskal Herri independente bat gura dut, baina europarra sentitzen naiz, eta mundutarra ere bai. Ez dakit etorkizunean ingelesa ikastea hain garrantzitsua izango den, agian alemana edo arabiera ikasi beharko dugu (barrez).

 

Kate Green: "Harridura eta dezepzio handia sentitu ditut; ez nuen uste irteteko aukerak irabaziko zuenik"

Kate Green (Brighton, 1991) orain 12 urte irten zen Ingalaterratik. Azkeneko zortzi urteetan Durangon bizi da. Erresuma Batua Europar Batasunaren barruan mantentzearen aldekoa da.

Zer sentitu zenuen erreferendumaren emaitza jakitean?
Harridura eta dezepzio handia sentitu nituen. Banekien emaitza estuak izango zirena, baina ez nuen inondik espero Europar Batasunetik irteteko aukerak irabaziko zuenik. Zoramena iruditzen zait.

Erresuma Batuarentzat zergatik da hain kaltegarria emaitza?
Pertsonalki, uste dut, batutako munduak hobeto funtzionatzen duela. Ingalaterra dagoeneko ez da uste duten garai bateko inperioa. Niretzat, gaur egun, irla bat da, eta ez da beste estatu batzuk baino inportanteagoa. Aurrera egitea kostatu egin ahal zaiela uste dut.

Zuretzat arlo pertsonalean zer ondorio izan dezakeen begiratu duzu?
Urte askoan Ingalaterratik kanpora bizi naiz. Nire etxea, Ingalaterra baino, gaur egun bizi naizen toki hau dela sentitzen dut. Baina britainiar nazionalitatea dut, eta ez diot horri uko egin gura. Baina Europar Batasunaren barruan egon gura dut, eta, horretarako, herritartasuna aldatu behar badut eta Espainiakoa egin, egingo dut. Baina gurago nuke herritartasun bikoitza izan, nire erroak han daudelako eta familia ere han dudalako. Britainiar herritartasunagaz errazagoa da hara bisitan joatea.

Change.org-n sinadura bilketa hasi dute erreferenduma errepikatu dadin eskatzeko.
Nik sinatu dut dagoeneko. Berriro egitea ez dut txarto ikusten. Askok diote: hori da emaitza, onartu beharra dago, eta aurrera egin. Bai, horregaz ere ados nago, baina, beste alde batetik, erreferendumaren aurreko kanpaina bidegabea izan dela deritzot. Diotenez, benetako gauzez enteratzen ari dira orain, eta milioi bat lagun inguru damututa dago Brexit-aren alde bozkatzeaz; hau da, kanpainako argumentu asko ez ziren errealak. Europar Batasunetik irteteko zazpi arrazoi batzen zituen artikulu bat irakurri dut oraintsu, eta, nire ustez, ez ziren arrazoi sendoak. Immigrazioaren aurrean segurtasuna zen argumentu bat; sentimenduetan eragitera jo dute euren helburuak lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!