Joan zen asteburuan, Mendiolako auzo eskola izandako txokoan —bertan ikasi zuen Ignaciok umetan— bazkaria eginda ospatu zuten Ignacio Unzuetaren urtebetetzea. Handik eta hemendik etorritakoen artean, 50 lagun inguru elkartu ziren guztira, Mendiolan.
26 urteko biloba eta Argentinako euskaldunen ondorengoak diren hainbat lagun etorri dira Unzuetagaz 80. urtebetzea ospatzera. Los miercolinos deitzen duten kuadrilako lagunak dira Argentinatik etorri direnak: eguaztenero Unzuetagaz Rosarioko euskal etxean elkartzen den lagun taldeko kideak.
Bere bizitza guztian zehar, ahal izan duen guztietan etorri izan da Ignacio Unzueta jaioterrira, Ibarragoiti baserriko Tiburcio eta Pilar lagunekin aste batzuk pasatzera. Bost hamarkadatan, ia 20 bidaia egin ditu Rosariotik Mendiolara.
“Las Americas”
Argentinako lehen urteetan Ispasterko bikote bategaz etxe berean bizi izan ziren Ignacio Unzueta, bere ama eta anaia. Etxerik etxe esnea banatzen hasi zen Ignacio, eta 17 urte zituela beste emigrante euskaldun batek saldu zion etxerik etxe esnea banatzeko negozioa. “Hiru urte eman zizkidan negozioak balio zuena ordaintzeko, eta sei hilabetean ordaindu nion”, gogoratu du Unzuetak. Euskaldun jatorrikoa den emazteagaz ezkondu zen gero, eta Argentinan jaiotako hiru seme-alabaren aita da.
Beste hainbat bizibide eta negozio izan ditu bere bizitzan zehar Abadiñoko argentinarrak: taberna, ostatuak, hotelak... “Lan handia egin behar izan dut, baina oso ondo bizi izan naiz Argentinan, eta oso eskertuta nago herrialde horri”.
Tiburcio Garatek gogoratu duenez, Ignacio Unzueta bezala jende asko joan zen Mendiola eta inguruetatik Ameriketara. Bere hiru osaba ere bai. “Langileak behar zituzten, eta jendeari joatea proposatzen zioten”.
65 urtean Argentinan bizi arren, Unzuetak ez du euskara galdu. Rosarioko euskal etxeko lagunekin harremana eginez, eta ahal izan duen guztietan Mendiolara bueltatuta gorde du ama hizkuntza. “Oso inportantea izan da niretzat hizkuntza ez galtzea”, azpimarratu du. Gogoan du joan zirenean amak ez zekiela gaztelaniaz: “Frankismo sasoia zen, eta eskolan ikasi genuen guk, baina amak Argentinan ikasi zuen gaztelania”.